Etnografia atalak

0

Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrua. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa.

Juan Antonio Ansaldo, aireko indar errebeldeen komandantea, Gernikan izan zen bonbardaketaren ostean, haren ondorioak ikusteko. Urte batzuk geroago, bere egunerokoan Nurembergeko epaiketetan Goeringi egindako galdeketari buruz idatzi zuen. Goeringek, “euskaldunen hiri santuari” buruz galdetu ziotenean, hauxe erantzun omen zuen: Luftwafferentzat (Alemaniako aireko indarra) entsegu moduko bat izan zen eta esperientzia horiek ezin ziren beste inon egin.

Condor Legioa Goeringek antolatu zuen, hurrengo gerra ―Bigarren Mundu Gerra― neurri handiko bonbardaketa tekniken bidez irabaziko zela frogatzeko. Wolfram von Richthofen Estatu Nagusiko buru izendatu zuten, eta bere zeregina euskal frontean “bonbardaketa perfektua” egitea izan zen. Durango (martxoaren 31n), Eibar (apirilaren 25ean) eta Gernika (apirilaren 26an) esperimentu militar baten parte izan ziren; hau da, hirigune baten baino gehiagotan bonbardatzea, bonba lehergarriak eta su-eragileak erabilita. Jokabide hori Bigarren Mundu Gerran erabili zuten Rotterdamen eta Varsovian, baita aliatuek Dresden ere.

Gernikako bonbardaketa alfonbra-bonbardaketa (carpet bombing), intentsitate handiko bonbardaketa (koppelwurf) eta kate-bonbardaketaren (shuttle bombing) batuketa izan zen. Esperimentazio eremu bikaina izan zen Luftwaffe sortu berriarentzat. Hala ere, zenbait egileren ustez, bonbardaketaren helburua Errenteriako zubia hondatzea izan zen, euskal tropei Bilbora erretiratzen ez uzteko. Bonbardaketak iraun zuen hiru ordu eta erdian izandako erasoaren intentsitateak eta indarrak, bonbardaketa ikaragarria izan zela adierazten dute, ahalik eta suntsipen handiena eragitea helburu zuena. Bide batez, “Euskaldunen hiri santua” txikituta, tropak desmoralizatzea bilatzen zen, biztanleria zibila adoregabetzea, eta Eusko Jaurlaritza errendiziora eramatea, azkenean Bilbo hartzeko.

Erasoa 1937ko apirilaren 26an izan zen, plaza egunean. Arriskuren bat zegoela jakin arren, inork ez zuen espero Gernika moduko hiri zabal batek halako eraso handirik izango zuenik. Gernikak 5.630 biztanle zituen, baita Gipuzkoatik etorritako 2.000 errefuxiatu inguru ere. Horiez gain, Gernikara hainbat herritatik astelehenetan joan ohi ziren guztiak ere kontuan hartu behar dira; esate baterako, Bilbotik trenez zetozenak. Trenok Eusko Jaurlaritzak herritarrak hornitzeko antolatzen zituen. Bonbardaketaren egunean, Gernikan 12.000 pertsona inguru egongo ziren.

Bonbardaketa 16:20an hasi zen. Andra Mari elizako kanpaiak eta lantegi batzuetako adarrak jotzen hasi ziren herritarrei jakinarazteko etsaien hegazkinak zetozela. Bonbardaketan parte hartu zuten hegazkin gehienak Alemaniako Condor Legioarenak ziren, nahiz eta Italiako Aviazione Legionaria osatzen zuten bonbaketariek eta ehiza-hegazkinek ere parte hartu zuten. Gerra-hegazkinak Gasteizko aerodromotik abiatu ziren, eta bonba-jaurtitzaileak, ostera, Burgosko eta Soriako aireportuetatik. Guztira, gutxi gorabehera, 59 hegazkinek, 27 bonbaketarik eta 32 ehiza-hegazkinek parte hartu zuten, horietako batzuek hegaldi bat baino gehiago eginez.

Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrua. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa.

Alarmaren ostean, herritarrek babesa bilatu zuten horretarako eraikitako babeslekuetan, eta ia lau orduz egon ziren bertan bonbardaketa amaitu arte. Ez zen etenik egon erasoen artean, eta jazarraldia lau fasetan garatu zen:

  1. Heinkel He51 bakarti batek Gernikako ekialdea zeharkatu zuen hamabost bat minutuz, eta martxan jarri zuen alarma-sistema. Jendea korrika joan zen tranpa hilgarri bihurtuko ziren babeslekuetara. Heinkel He51k hiriaren erdigunean bonbak jaurti eta minutu gutxira, hiru bonba-hegazkin alemaniarrek eta beste horrenbeste italiarrek ur-biltegia bonbardatu zuten suhiltzaileek ez zutela urik eukiko ziurtatzeko.
  2. Bonbardaketa amaitua zela pentsatuta, larrialdi-zerbitzuak lehenengo biktimei laguntzen hasi ziren. Lehenengo olatuaren eta bigarrenaren artean igaro ziren berrogei minutu horietan, ehiza-hegazkinek eta lehorreko erasorako hegazkinek zirkuluan hegaz egin zuten Gernika inguruan, hirigunetik ihes egiten saiatzen ziren guztiak metrailatuz, jendea hiribilduaren perimetroaren barruan mantentzeko.

Datorren asteko idazkian erasoaren kontakizunarekin jarraituko dugu.

 

Ana Teresa Núñez Monasterio

Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrua

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~