Etnografia atalak

0

San Joan eliza, gaur egun desagertua. Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrua. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa.

Aurreko astean Gernikako bonbardaketaren lehen bi faseak azaldu genituen: lehen erasoaldia eta jendearen jazarraldia. Ikus ditzagun hurrengo bi faseak eta horien ondorioak.

3. Berrogei minutu geroago, hiru eskuadroik iparraldetik egin zuten erasoa. K/88 eskuadroiak 21 Junker Ju52 bonbaketari astun ziren guztira. Zoritxarrez zaindariek ez zituzten ikusi, beranduegi izan zen arte.

Lehenengo jaurtitakoak, bonba apurtzaileak izan ziren, 50-250 kilo artekoak eta atzerapen espoletadunak. Bonbek teilatuak hautsi zituzten, eraikinetan sartu eta segundo batzuk geroago lurrean lehertu ziren. 250 kiloko bonbek eraikinak suntsitu zituzten, agerian utziz etxebizitzen barruko zurezko egitura.

Ondoren, hurrengo bonba-jaurtitzaileen erasoetan kilogramo bateko su-bonbak bota zituzten. Lehergailu horien osagaiek, beste metal batzuen kontaktuarekin erreakzionatzean, kontrolik gabeko sutea eta 1500 gradutik gorako tenperaturak eragin zituzten. Ondorioz, sute handia piztu zen Gernikan, kilometro askotara ikusteko modukoa.

250 kiloko bonba biren zuzeneko erasoa jaso ondoren, Andra Mari kaleko aterpea erori egin zen, eta bertan zeuden 450-500 pertsonetatik gehienak hil egin ziren; errausketaren ondorioz gainerakoak bizirik lurperatu ziren, eta ondoren, itota edo kiskalita hil. Hainbat lekukok aipatu dituzte, ordu luzez, suak aterpe aldera aurrera egin zuen bitartean, entzun ziren oihuak.

4. Azkenik, hirigunetik ihes egiten saiatzen ari ziren pertsonak ia bi orduz metrailatu zituzten ehiza eta erasoko hegazkinek. Hiru hegazkineko taldetan egin zuten hegaz, lurretik metro gutxira jaitsiz. Lekuko batzuek azaldu zutenez, aireko metrailaketak txikitu egin zituzten gorpuak.

Guztira, 31-41 tonako lehergaiak jaurti zituzten, gehienak bonba su-eragileak, eta hirigunea erabat kiskaldu zuten. Suteak egunetan iraun zuen. Emaitza: eraikinetatik % 85,22 suntsituta, eta hiribilduaren % 99 kaltetuta. Errenteriako zubia eta arma-fabrikak ez zituzten bonbardatu “helburu estrategikoak” ziren eta. Biktimen kopuruari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera 1654 pertsona hil ziren. Jose Labauria alkateak, bertan egondako lekukoek eta nazioarteko erreportariek adierazi zutenez, bonbardaketaren ondorioz mila pertsona baino gehiago hil ziren. Gehienak erregistratu gabe geratu ziren, biktima asko hondakinetan harrapatuta geratu zirelako, eta Eusko Jaurlaritzako agintariek ez zutelako hondarrak kentzeko modurik izan.

Gaur egun, oraindino, hildakoak zenbatzeko eta identifikatzeko ikerketak zabalik daude. Hildakoen kopuru horrek eztabaida handia sortu izan du eta oraindik ere sortzen du. Izan ere, zaila da datu horretara heltzea, hainbat arrazoi tarteko: 1941. urtearen amaierara arte kendu gabe egon ziren 60 000 m3 hondakin; erregimen frankista euskal agintariek egindako erregistroak ezabatzen saiatu zen; eta, geroago, dokumentuak suntsitu edo ezkutatu ziren.

Bonbardaketaren biharamunean, Espainiako, Alemaniako eta Italiako koalizio errebeldearen hiru erregimenetako agintariek Euskadiko Gobernuari eta euskal tropei errenditzeko eskatu zieten; eta mehatxu egin zieten Bilbo ere berdin antzean bonbardatuko zutela.

Asilo Calzada kalea, gaur egun Juan Calzada. Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrua. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa.

Bonbardaketak Europako eta Amerikako egunkari nagusietako lehen orrialdeetan izan zuen oihartzuna ikusita, agintari frankista eta alemaniarrek ukatu egin zuten Gernika bonbardatu zutela. George L. Steer kazetaria eta Alberto de Onaindia apaiza, bertan suertatu zen eta, nabarmendu behar dira albistea mundu osoan zabaltzen lehenengoak izan zirelako. Aldi berean, Condor Legioko kideek Gernikako hondakinak bertatik bertara aztertu zituzten bonbardaketaren ondorioak ikusteko; frogak ezabatu eta argazkiak egin zituzten sekretupean, beti ere gertatutakoa erabat ukatzeko agindupean. Espainiako gobernuaren bertsioaren arabera, euskal herritarrek eurek erre zuten Gernika. Horixe esan zuten 1975ean Franco hil arte.

Gernika entsegua izan zen Luftwafferentzat. Horrela eman zuen aditzera Richthofenek bere egunerokoan, hiribilduaren aurkako erasoa “arrakasta teknikotzat” jo zuenean.

 

Ana Teresa Núñez Monasterio

Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrua

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~