Gaur goizean Bilboko Itsas Museoan Geu be bagara itsasoa izeneko egitasmoaren aurkezpena egin da. Bertan izan gara Labayru Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, eta proiektu honetako benetako arima eta ardatza izan diren Bizkaiko kostaldeko emakumeak.
Izan ere, egitasmo honen helburua belaunaldiz belaunaldi, andrazkoek itsasoarekin lotuta egin duten lana ikusaraztea eta nabarmentzea da; euren lanbideen bilakaera ezagutzea, eta ondo merezita duten lekua eta aitortza aldarrikatzea.
Bizitzako beste arlo batzuetan gertatzen den bezalaxe, itsasoko munduan gizonezkoen eta emakumeen arteko zereginak argi bereiztuta egon izan dira. Gehienetan itsasoari eta arrantzari buruz hitz egiten dugunean, txalupetan itsasoratzen diren gizon arrantzaleak irudikatzen ditugu; izan ere, arrantzaleak beti izan dira gizonezkoak. Emakumeak, ostera, seme-alabekin itsas-bazterrean senarraren zain imajinatzen ditugu, halaxe ikusi ditugulako sarritan margolari famatuen ohitura-irudietan. Baina aspaldidanik, kostaldeko herrietan andreek izan duten papera eta rola askoz ere zabalagoa eta garrantzitsuagoa da. Emazte eta ama izateaz gainera, oinarrizkoak eta ezinbestekoak izan dira arrantza jardueran eta portuko ekoizpen-katean.
Emakumeak eurak eta egiten dituzten lanak hurbiletik ezagutzeko, Bizkaiko kostaldeko herrietara jo dugu: Bermeo, Ondarroa, Lekeitio eta Santurtzira, hain zuzen ere. Bertan hiru belaunalditako lekukoen testigantzak batu ditugu: batzuk arrantza puri-purian zegoenean lanean ibilitako edadeko andreak dira; beste batzuk sektorearen gainbehera ikusi eta laster erretiratzeko daudenak; eta azkenak, zailtasunak zailtasun, oraindik ere arrantza munduan beharrean jarraitzen duten emakume gazteak dira.
Lekukoen artean, sareginak edo train-konpontzaileak (sareak konpontzen dituztenak), neskatilak edo dei-egitekoak (baxurako itsasontzietako lehorreko beharginak), enpakatzaileak (alturako txalupetako arrantza sailkatzen dutenak), arrain-saltzaileak, arrain-fabriketako beharginak, armadoreak (itsasontzi jabeak), administrariak eta enpresa-andreak daude.
Baina ogibideak ogibide eta lanak lan, badira emakume guzti horiek amankomunean dituzten ezaugarriak: arrantzaleen familiako kide izatea, nortasun handikoak izatea, lan-baldintza eskasetan jardutea, besteak beste.
Gai horiei buruz, eurei jasotako testigantza biziak dira euskarri bitan (liburua eta 12 ikus-entzunezko labur) argitaratu den lanaren informazio-iturri nagusia.
Itsasoko emakumeak, behargin nekaezinak. Berezko dirdira duten itsasargiak!!
Akaitze Kamiruaga
Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa