Gernikaldean, landa-eremuan lan egiteko, gizonek zein emakumeek kolore iluneko arropak jantzi izan dituzte. Kortako lanak egiteko, oraindik arropa zaharragoak ipintzen zituzten, simaurrarekin edo behiak jezteko orduan arropak zikintzen zirelako.
Soro eta baratzeko beharretarako gizonek mahoizko prakak janzten zituzten, askotan petatxuak (erremenduak) eta guzti, mahoizko edo koadrodun alkandora, gerri eta giltzurrunak babesteko gerrikoa, jertse zahar bat eta burua txapelarekin estalita.
Emakumeek gona, blusa eta gainean jaka txiki bat, mantala eta buruko painelua. Ortura eguraldi txarrarekin irten behar zirenean, abarketen gainetik baserriko portalean eskura izaten zituzten txankloak jartzen zituzten.
Euri asko eginez gero eta etxetik atera behar bazuten, azukre-zaku edo arpillera-zaku batez estaltzen ziren, buruaren forma emanez, eta bizkarretik zintzilik.
Oinetakoak abarkak ziren. Garai batean ganadu larruz etxean egindakoak. Ganbaran, behi-larrua ondo luzatuta jartzen zen, horman zintzilikatuta eta ilez behera, gogortu arte; eta karea jartzen zen azpian, zomorroek jan ez zezaten. Gero, txantiloi modura erabiltzen zen egur baten gainean jartzen zuten eta zulo batzuk egiten zitzaizkion iltze zorrotz batekin (abarka-untzea edo abarka-ziria) lokarriak pasa ahal izateko (hede meheak). Berriemaile batek dioenez, abarkak oso irristakorrak ziren; euria zenean, harriak mindu egiten zizkieten oinazpiak eta askotan idiaren adarrari heldu behar izaten zioten ez jausteko. Beranduago, dendan eskuratzen ziren gomazko abarkak etorri ziren.
Oinak babesteko eta berotzeko mantak erabiltzen ziren; diagonalean jarritako pieza karratuak ziren eta bustitzen zirenean buelta ematen zitzaien. Ondoren, etxeko artilearekin etxean bertan egindako abarka-txapinak erabiltzen hasi ziren.
Gaur egun, arropa zaharrekin batera, oso arrunta da buzoa janztea, ez hainbeste emakumeen kasuan. Udan, eguzkitik babesteko, lastozko kapela eta bisera nagusitu dira.
Igande eta jaiegunetan, herrigunera joateko, emakumeek zein gizonek arroparik onenak janzten dituzte, domeketako arropa, hiriguneetako jendeak janzten duen modukoa.
Segundo Oar-Arteta
Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak
Bibliografia: Nekazaritza Euskal Herrian. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa