Etnografia atalak

0

Ziortza Artabe Etxebarria. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Ez da intxaur-saltsa bako Gabonik egon gurean. Larrabetzuko (Bizkaia) amama Julik urte guztietan egiten eban, hutsik be egin barik. Hondino be akorduan daukat, umetan, Gabonak bueltan baserrira sartu eta intxaurrak apurtzen ikusten nebanekoa. Ez dot egundo be ahaztuko.

Batez be Bizkaiko eta Gipuzkoako etxe askotan, negu guztian egin izan da, inguruko basoetan intxaur asko egoten zan-eta. Gainera, plater sendoa zan, apropos-aproposa neguaren hotzean barruak berotzeko; erako tripa betegarria.

Intxaurrak iraila akabuan hasten dira heltzen eta lurrera jausten. Jausi ahala batzen dira, eta zugatzetan geratzen diranak adarrak astinduz edo barandeaz botaten dira. Bildu ostean, oskola kendu eta sikatzen ixten dira, gehienetan kamaran.

Intxaur-saltseak behar handia emoten ebala esaten eban amamak beti. Hiru osagai nagusi erabilten ebazan azkenburukoa egiteko: intxaurrak, esnea eta azukerea.

Ziortza Artabe Etxebarria. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Hasteko, intxaurren mamina ondo apartau behar izaten zan; eta ostean, txiki-txiki egin. Trapu garbi baten batu eta mazuaz jo-jo egiten ebazan, harik eta birrindu arte. Gaur egun, gailu modernoak erabilita txikitzen dira.

Ostean, hiru osagaiak lurrezko kazuela baten ipini, eta ordubetez-edo eukiten ebazan egosten, bueltaka-bueltaka. Amamak Maria galletak be botaten eutsazan orea loditzeko; eta sasoi baten, makailaoa galdarraztau ostean lotzen zan ur haren pitin bat be bai. Orduan dana aprobetxetan zan, eta, barrukaldeko herrietako etxeetan, barriz, makailaoa faltauezinekoa zan Gabonetan. Kostako herrietan besigua be jaten zan.

Gaur egun be izekoak eta gure amak lehengo antzean egiten dabe intxaur-saltsea, amagandik jasotako errezetea ondo gogoan daukie eta. Gainera, urteetan erdi baztertuta egon dan postreak indarra hartu dau azkenaldian, etxeetan daukaguzan etxetresna elektrikoek segundo batzuetan egiten deuskue-eta aspaldian hain preziadua izan zan saltsa krematsua. Ez dauka sasoi batekoagaz zerikusirik, izan be, osagai batzuk bidean galdu dira eta beste batzuk beretu dauz. Halanda be, errezeta honek eta beste batzuek argi erakusten dabe sukaldaritza tradizionalak zein garrantzitsua izaten jarraitzen dauen, antzaldatuta bada be.

Ziortza Artabe Etxebarria – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~