Etnografia atalak

0

Aspaldiko argazkia harri xuria eskuz ateratzen zuten garaietakoa (Ouvrard argazkia Biarritz – Kolekzio pribatua).

«Krimarik ez dut ez egin nik johaiteko Herritik… Larrazkenak behar ote nau urrundu Luhusoatik?» idatzi zuen Enaut Etxamendi kantariak 1971ko udazkenean (Luhosoko kantua). Alegia, uda betean deliberatu zuten Luhusoko kaolin (edo harri xuri) meategien ustiatze lantegiaren hestea, errentagarritasun eskasez. 1971ko uztailaren 31n hetsi zuten enpresa. Bi egun berantago, langileek protesta eraman zuten, «Lana Euzkadin» banderola baten pean. Garai haietan azkartzen ari zen Enbata mugimenduko sortzaileen sustengua izan zuten baita tokiko hautetsi batzuena ere. Enpresa okupatu eta Garaziko bidea trabaturik ere, enpresa deslokalizatu zuten eta, urteen poderioz, harri xuriaren meategien haitzak lurpean ezkutatu dira. Gaur egun Luhuson gaindi ibiltzen denak ez du aztarnik izanen agerian. Doi bat miatuz, haatik, lehengo galeria eta tuneletako zuloak aurki ditzake.

Lurpean isildua den era berean, herriko historiaren zati garrantzitsu hori luhustar askoren oroimenean gorderik ibili da azken 50 urteotan. Argitxu Beyrie Itsasuko arkeologoak berriki egindako mintzaldi batean erran zuenaz, “ezin da gaur egun irudikatu Errobiko haran horren aktibitate industriala zer izan den XIX mendean zehar, Bankatik Itsasuraino”. Arkeologiaren beharra azpimarratzen zuen duela denbora guttiko memoriaz ere berjabetzeko.

Ez dugu lerro hauetan kaolinaren historia egiteko asmorik baizik eta Luhuso aldeko historia den garai hori lurpetik ateratzen ari den ekimena aipatzea. Istorioaren lekukotasunak entzun nahiko lituzkenak ondoko lotura honetara jo dezala: LUHU-1 – Mintzoak – Portail de la mémoire orale du Pays Basque nord.

Memoria lurpetik atera

Duela 50 urte baita aktibitatea desagertu zela. Mende bat guttienez iraun zuen Luhusoko lur azpien ustiatze horren memoria ere galduko zen ez balitzaio Guillaume Méziat, herrian plantatua den antzerkilaria, gaiari lotu.

50garren urtemuga abiapuntutzat harturik, memoriaren berreskuratzea berriz bidean jarri du herritarrak. 2021etik geroz Harri Xuria Eskutan ekimena antolatzen du urtero. Udazkeneko asteburu batez, Harri Xuriaren memoria berpizten du mintzaldi, erakusketa eta ekimen artistikoen bidez, meategi ohiaren gunea (gaur egun moto cross egileen erreinu bihurtu dena) ibilaldi artistiko batez berdeskubriarazi nahian. Méziat-ren ametsa, berak abiatu ekimen horrek 50 urtez bederen iraun dezan urtez urte.

2023ko ikusgarria harrobi ohiaren gunean bertan (Egilea: Pantxix Bidart). (Droits réservés).

Asteburu hori hitzaren askatzeko eta oroitzapenen biltzeko unea bihurtu da. Urtero, argazkiz eta lekukotasun numerikoz osatu erakusketa Harri Xuri gelan aurkezten du eta urtero erakusketari elementu berriak gehitzen.

Kaolinak onura asko baditu ere (osagarri mailan, eraikuntzan, farmazian…), bere baliapen famatuena portzelana izan da urte eta urteetan. Guillaume Méziat-ri esker harri xuriak bere lekua berriz hartzen ari du Luhuso inguruan, gure historia portzelanaren gisan zaindu behar den harribitxia dela oroitaraziz.

Pantxix Bidart Pla

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~