Tradizioan, pertsona bat laster hilko dela adierazten duten iragarpenek sineskeria-kutsua dute.
Animaliekin lotutako iragarpenak hedatu dira gehien, batez ere, etxeko animaliekin lotutakoak, besteak beste, txakurrarekin eta oilarrarekin, baina baita gaueko hegazti harrapariekin eta korbidoekin lotutakoak ere.
Heriotza-iragarpenik ezagunena txakurraren ulua da; damu-ahausika egiten badu, batez ere gauean, pertsona bat hiltzear dela esan nahi du. Leku batzuetan, auzoko baten hilzoria edo heriotza iragartzen zuela uste zen. Oilarrak gauez edo desorduan kukurruku egitea heriotza-iragarpentzat edo asturu gaitzeko seinaletzat hartzen zen. Bi kasuetan, iragarpen txarra gainetik kentzeko, eskukada bat gatz botatzen zen sutara, edo oilarraren kasuan, hil egiten zuten, edo saldu. Beste animalia batzuen ohiz kanpoko jokabideek edo jokabide arraroek ere heriotza iragartzen zutela uste zen, hala nola, behi-aziendak eta katuek ohi ez bezala jokatzeak.
Gaueko hegazti harrapakarien kantua, bai eta haien presentzia hutsa ere, heriotzaren iragarletzat hartzen zen. Haiei buruzko esaera zaharrak ere egin dira, adibidez, Bizkaiko Karrantza haraneko hau: Cuando el cárabo canta, la muerte levanta “Urubiaren uluak heriotza dakar”. Udalerri batzuetan, bihozkada berak izaten ziren zenbait intsektu azaltzen baziren, hala nola, eulitzarrak eta tximeleta beltzak.
Halaber, gertaerei lotutako iragarpenak ere badaude. Ohikoena kanpaien ezohiko soinua zen, besteak beste, ohikoa baino burrunba gehiago egitea, soinua ahulki luzatzea, zalaparta eginez jotzea eta oihartzun handia egitea. Mezerdian kanpandorreko erlojuaren kanpai-soinua entzutea heriotza-iragarpena izatearen sinesmena oso hedatua egon zen. Udalerri batzuetan, jende askok sinesten zuen, kanpaiak, hildako batentzat jotzen hasten baziren, ez zirela hildako bakar batengatik joko, baizik eta laster beste hildako batengatik edo bi gehiagorengatik joko zirela.
Zorte txarra izaten zuen, dirua edo produktu bat eskatzen ziotenean, eskatutako kopurua zehaztasun osoz ordaindu, neurtu edo pisatzen zuenak, baina bazegoen kontrakoa pentsatzen zuenik ere. Beste askotariko seinale batzuk ere izan dira, besteak beste, zarata arraroak entzutea, objektuak inolako arrazoirik gabe erortzea, herrian gaixo bat bazegoen ekaitza lehertzea edo haize bortitza hastea herrian.
Hil ondoko iragarpenen artean, azpimarragarria da hildakoaren begiak irekita geratzearena, batez ere begiak ixteko ahalegina egin ondoren. Jarrera horren bidez, beste senide baten heriotzari dei egiten ziola uste zen.
Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak
Informazio gehiago eskuratzeko, Atlas Etnográfico de Vasconia lanaren Ritos Funerarios liburukia kontsulta daiteke.