Etnografia atalak

0

Euskalerriaren Yakintza laneko ilustrazioa.

Egutegian konponbide miragarrietarako data egokirik badago, hori urteko solstizio-egun biena da.

Oraingo honetan udako solstizioaz arituko gara, San Joan egunaren aurreko gauaz hain zuzen ere, logika eta ordena natural guztiak gainditzen zituzten aparteko konponbideetarako potentzial handia zuelako.

Hartara, gau berezi horretako ohiko erritualetako bat ume etenduak (herniatuak) sendatzeko egiten zen. Peritoneo-mintzaren urradura baten zulotik, tripak kanporatuta zituzten umeak ziren, eta sabelaldean, izterra beheko sabelarekin elkartzen den lekuan, konkor bat izaten zuten ikusgarri. Gaitz honek ondorio oso larriak izan zitzakeen, heriotzaren aukera barne.

Beraz, arazo hura konpontzeko, Europa osoan ezaguna zen beren-beregiko erritual bat egiten zen, Euskal Herriko lurralde guztietan bere tokian tokiko aldaerekin predikamendu handia izan zuena, Euskal Herriko Atlas Etnografikoan edo Azkueren tratatu ezagunetan ikus dezakegun bezala. Honela jaso zuen azken honek:

«Etendun haur bat sendatzeko, Doniane bezpera-gauerdian haritz baten besanga-artera jasoten dute bi Juanek toki batzuetan, beste batzuetan hiru Juanek, nonbait ordea Juanek eta Pedrok. Eta orenaren hamabi dangara bitartean “tori” eta “har zak”, “har zak” eta “tori”-ka eskutik eskura erabilten dute haurra» (Euskalerriaren Yakintza I).

Egiaztatutako beste kasu batzuetan, haritz- edo ereinotz-adar bat aukeratzen zen, eta arrakala bat egiten zitzaion aizkora batez. Besoekin ireki ondoren, hiru aldiz pasatzen zen zulotik umea. Amaitu ondoren, zeremonia artezten zuenak adar irekiaren zati biak lotzen zituen oihal eta lokatz apur batekin. Oihalezko pieza bereko beste zati batekin, gerriko antzeko bat egin, eta horrekin haurra biltzen zuen, herniatutako zatia eusteko.

Berrogei egunen buruan kaltetutako adarra orbainduta bazegoen, uste izaten zen barne-zauria ere (hernia) sendatuta egongo zela.

Sineskeria honen aldaera bat Laudion (Araba) jaso zen 1935ean, Daniel Isusi Elorrieta (1915-1989) apaizgai gazteari esker. Kasualitatez, nire amaren aldetiko amamaren neba zen eta, maitemintze kontuengatik, ez zen inoiz apaiz izatera iritsi. Honela kontatu zuen [jatorrizko oharra, gaztelaniaz idatzita]:

«Jorge de Ibarrondo Laudioko bizilagunak, bere baserri-etxetik hur jazotakoari buruzko istorio bat kontatu zidan.

Dioenez, Juan Ibarrak, Juan Zubiaurrek eta Juan Larrazabalek zoratutako ume bat hartu zuten (dirudienez, sendabideak eromenaren aurka ere balio du) eta Julian Zubiaurren erramu batekin burutu zuten operazioa. Hau, hiru Juanen eta istorioa kontatu zuenaren auzokidea zen. «Ekainaren 24a. San Juan. 1. Egun honetan herniadun haur bat sendatu nahi bada, aizkora batez ereinotz-enborra ireki eta hiru Juanek haurra irekiduratik pasatzea besterik ez dagoela diote, erlojuak hamabiak jotzen dituen bitartean. Emaitza aldekoa izan dadin, ireki den ereinotza ez da ihartu behar.

Operazioa egitean esan zituzten berbak honako hauek dira: «Har ezazu Juan lehenengoa; eman iezadazu Juan bigarrena eta har ezazu Juan hirugarrena (ez dakit euskaraz esango ote zuten, baina litekeena da niri gaztelaniaz kontatzea ikusita nik euskara gutxi dakidala).

Erramua oraindik existitzen da, eta haurra ere ondo jarri zela dio».

Ezin da xalotasun gehiago eskatu herri-sinesmen haietan. Baina oso errotuta zeuden, eta neurri praktiko gisa erabiltzen ziren, zeren eta, dirudienez, otoitzek ez zuten eraginik izaten menpekoekin galtzeko astirik ez zuen jainko ahalguztidun harengan.

Eta, horretatik guztitik, bitxiena eta kezkagarriena zera da: mende bat igarota, gaur egun inork ez gogoratzea herri ohitura ikusgarri haiek. Peritoneoko urradura horietako batek adina edo gehiago mintzen du horrek!

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~