Garai batean, trena izan zen herri asko elkarren artean eta hiriburuarekin lotzeko garraiobidea, familia gutxik baitzuten ibilgailu partikularra batetik bestera joateko. Estaziorik edo geralekurik ez zuten herriek autobusa erabiltzen zuten, autobusak osatu egiten baitzuen trena, trenbidea iristen zen tokietan. Gaur egun, trenez bidaiatzen dugunean, leihotik begira paisaia ikustean, nostalgia-puntu bat sentitzen dugu. Gogora ekartzen digu umetan gurasoekin bidaiatzen genuen garaia.
Trenak pertsonak, salgaiak eta posta garraiatzen zituen. Senide edo lagun maiteen etorrerak poza ematen zuen, eta agurrak, berriz, tristura eta malkoak eragiten zituen. Trenak langileak eta ikasleak eramaten zituen beren lantoki edo helmugetara. Mediku espezialistarengana, barnetegira, ospitalera, gaixoak bisitatzera, zirkura… Trenak ekarri eta bueltan eramaten zituen aretoetan proiektatzen ziren zinema-erroiluak.
Esne-ekoizpen handiko herriek kantina handietan garraiatzen zuten esnea hiriburura, eta han biltzen zuten etxez etxe banatzeko. Nekazaritzako herrietan, Gernikaldean kasu, errekardariek garraiobide hau erabiltzen zuten, eta plazan erositako salgaiekin itzultzen ziren, Bilbon edo beste herri batzuetan berriz saltzeko. Itsasaldeko arrain-saltzaileek ere, bereziki Bermeokoek, arrain freskoa edo txingarretan erreta ekartzen zuten, esaterako, hegaluze-mendrezkak, barnealdeko herrietan saltzeko.
Paketea tren-estazioko kontsigna edo biltegi batean geratzen zen, eta, askotan, orgari baten esku uzten zen banaketa. Zaldi edo mando batek tiratutako gurdi batean banatzen zuen hark; edo, bestela, mandatariak, karretila metaliko batean. Biak arduratzen ziren saltokiei eta enpresei banatzeaz. Partikularrak ere arduratzen ziren bidalketa jasotzeaz.
Era berean, mandatarien zerbitzua bazegoen —gehienak, emakumeak—. Hiriburutik ekartzen zituzten, trenez edo autobusez, herrian hornitzen zailak ziren produktuak, edo fardelak eramaten zituzten edota izapide edo paperen bat egiten zuten.
Udan, trenak familiak eta haurrak eramaten zituen hondartzara. Gazteek udan erabiltzen zuten, inguruko herrietako jaietara joateko. Mutilak, batez ere, atzeko plataformetan egoten ziren, edo gidari-eserlekuetatik zintzilik. Eserlekuak egurrezkoak ziren, eta txartelik ez zeukatenek ahalegina egiten zuten ikuskatzailearen kontroletik ihes egiteko, batzuetan, arrakastarik gabe.
Garai batean arrisku gutxi zegoenez, estaziotik gertu bizi ziren haurrak bagoietan jolasten ziren ezkutaketan edo beste jolas batzuetan, batetik bestera mugitzen.
Segundo Oar-Arteta — Labayru Fundazioa