Etnografia atalak

0

José Arrueren margolana. Iturria: Labayru Fundazioaren argazkia artxiboa.

Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak. Donostia, 1990. Maria Jose Olaziregiren edizioa. 110-111 or. Ortografia eguneratu egin dut irakurketa erraztearren.) liburuan Juan Ignazio Iztuetak Hilario izeneko danbolina aipatzen du. Haren iritziz, garai hartan ugaldu ziren danbolin harroen eredua zen Hilario. Danbolin horiek, jotzaile oso onak izanagatik, Gipuzkoako antzinako dantzen galera eta bazterketaren erantzule nagusiak ziren, tradiziozko doinuei zieten ezaxola eta destainarengatik. Hilario danbolin hori agertzen den atalak, honelakoa du izenburua: Gipuzkoako dantzari prestuak beren sorterriko dantza oniritzietan ibilteari zergatik utzi izan dioten. Eta tankera horretako danbolinei leporatzen die dantza hauekiko utzikeria.

José Manuel Pedrosa, Alcaláko Unibertsitateko irakasleak, 1875.eko Memorial literario instructivo y curioso de la Corte de Madrid delakoan aurkitutako berriak oinarri hartuta, Hilarión Bengoa danbolinari artikulu labur bat eskaini zion eta Labayru Fundazioak argitara eman zuen. Artikuluan azaltzen diren datu berri hauek Iztuetak aipatutakoa eta Pedrosak jasotakoa persona berbera dela pentsatzeko bidea ematen dute. Hilarión bataiatutako bati Hilario deitzea oso normala izan da aspalditik, eta bi aipamenen artean dauden aldiberekotasun eta bateragarritasunak, jarrera, lekutze geografiko eta kronologikoak ez dute dudarako tarte handirik uzten. Hilario/Hilarión identitateak, nire ustez, Iztuetaren liburuan aipatzen diren datuen fidagarritasunaz beste froga bat gehiago ematen digu eta lotu egiten da garai berean Madrilen aritu ziren beste bi danbolinen kontzientzia profesionalarekin: José Javier Echevarría eta Vicente Ibarguren, zeinetaz orain gutxi eman dut argitara Pepe Antón, el que puso el txistu en solfa (Txistulari aldizkaria, Euskal Herriko Txistulari Elkartea. Errenteria, 2023, 266 zb, 17. or.) artikulua.

Hemen jarriko ditut Iztuetak, bere liburu horretan, egiten dituen Hilario danbolinaren aipamenak:

Orain dalarik 34 urte gutxi gorabehera, Done Bartolome egun batez, Ibarreko plazan zer gertatu izan zan dantzari jakinti batekin danbolin hotsankidariaren artean, azaldu behar dizutet, jakin dezazuten zein kaltarkitsuak ditugun soinu berri jotzaile hoek.

Arratsalde jostati hartan, D. Mateo de Gurutzeta herri bereko alkate arkitzen zala, atera zuen gizon dantza haundientsu bat, D. Martin Mendizabal, Belauntzako alkateak, urte guztietan ohitura bera duten bezala.

Mendizabal hau izanik dantzari egokia eta soinu zaharrak txit ongi zekizkiena, esan izan zion, harako, Hilario danbolin txintxarri haundi haundiakiko hari, jo zegiola San Sebastianen izenarekin deitzen dan soinu zahar pozkidatsu hura. Erantzun zion, plaza betean, danbolin poztu honek ezik, ez zala sasi danbolina hura artzain soinua jotzeko, ez bada, berak ateratako berri, inork ere lehenago entzun gabekoak, eta dantzatzea zeukala, hark jotzen ziozkanetan.

Hainbesterainoko lotsa eta atsekabea hartu zituen gizon prestu hark, ezen ez zuen dantzatu nahi izan batere.

Ibarreko alkate jaunak, danbolinari deiturik, agindu zion jo zezala dantzariak eskatzen zion soinu herriaren berekia, baina ez zion nahi izan obeditu, ausardiarekin erantzuten ziolarik lehenago hautatuko zuela presoindegira edo kartzelara joatea, ezen ez soinu zaharrik jotzea; eta baldin Jaungoikoak ematen bazion hogei urte bizia, artetsi edo logratuko zebala, soinu zahar guztiak, txit arras, sekula betiko, galtzea.

Ibarreko alkate jauna izanik hain gizon prestua, eta zentzutsua, esan zion ezik, nere herriko Done godartari edo Santu patroiaren egun pozkarriari begiraturik, ez det nahi egin zurekin, behar nukeana; eta joan zakizkit berehal-berehala nere plazatik, zure txilibitu, arratz eta soinu berriakin.

Esan ta egin, danbolin harrotu hau biraldurik, erakarri zuen Juan Inazio danbolina Tolosatik, zeinaren soinu gozo herritarkietan jostaldiatu ziraden nahikidara.

Beste aldia batez gehiago egin nahi izandu zuen Hilario danbolin sonatu hark, Done Juan goiz batez Tolosan.

Herri leinargiti honek, bere Done godartariaren egun hotsandiko hartan, urte guzietan egin ohi du, Gipuzkoatarren ondragarri beti izan ta izango dan pordon dantza gogoangarria. Harako, Vizconde de Anai, Naparroako Eronde edo Gobernadorea, 1321 garren urtean bere indar guziakin Gipuzkoa txit arras soildutzeko asmoa harturik etorri zanean, Gil López de Oñez gure herritarrak, bere anaia maiteakin Beotibarra irtenik, guzia urraturik, zatiturik, laisterka eta arin aski biraldu izan zuen bataila sonatu haren oroitzapenerako.

Pordon dantza gogoangarri honek izanik, lehendabiziko jaiotzatik, soinu bere bereki gozoak eta txit ezagunak, Hilario danbolinak jo nahi izan ziezten dantzariai, berak ateratako berri berriak. Han ziran ikustekoak, danbolina, eta dantzariak: hark ez nahi jo soinu zaharrik, eta hoek berrietan dantzatu nahi ez. Geroenean behartu ziraden dantzariak, alkate jaunaren deitzea, eta honek, bere asaba maitagarrien ohitura oneskiak gordakaiatu nahi zituen Gipuzkoatar prestu jakintsunak bezala, agindu zion danbolinari, jo zitzala ordu onarekin harentzat pordon dantzak, hainbeste urteren buruan beretzako ezagutzen zituen soinu garbiak. Miniztatu edo reprenditu ere zuen gogorkiro, begira zuela hurreneko aldian Gipuzkoako dantza motai soinu berenkiak baizik jotzeko asmorik hartzen bazuen.

José Ignazio Ansorena

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~