Etnografia atalak

blog_brazos_web

Michelangelok Kapera Sixtinoan margotutako Adamen sorrera freskoko zati bat.

Giza jarduerak bizi izandako aldaketa guztiak besoaren luzeran islatu daitezke, era sinbolikoan.

Makinarik ez zegoenean, lanerako ahalegina besoetan ikusten zen, eta, hartara, gaztelaniazko bracero (peoi) terminoa sortu zen. Indarra, hain zuzen, ukondoak tolestutako eta tenkatutako gorputz-adar horretan ikusten da, bizepsa osatzen duen bola nabarmentzean. Indarrik ez baina trebezia eskatzen duen lana eskuan ikusten da, artisauei dagokien eskuzko lanaren alderdi guztietan. Muturrerantz mugitzen jarraitzen badugu eta atzamarretara iristen bagara, arlo intelektualean sartzen diren gaitasunei hertsiki lotuta dagoen lan finagoa topatuko dugu: idazluma edota gure barnealdea mihisean islatzen duen pintzela heltzen duten atzamarrak.

Betidanik existitu izan da trebezia eskatzen duen eskuzko lana, hala nola harrizko aizkora zizelkatzeko, edo atzamarrei loturiko sorkuntza artiskikoa, labarretako pinturak, esaterako. Gaur egun, aldiz, izugarria da lan horietara irits daitekeen gehiengoa.

Bilakaera teknologikoak aurrera egin ahala, geuk ere atzamarren bidez egin dugu aurrera; hain zuzen ere, idazmakina mekanikoko teklak sakatzen hasi ginen atzamar-muturrekin, gero idazmakina elektrikokoak, eta, azkenik, ordenagailuko teklatukoak. Gaur egun, atzamarren kulturan gaude murgilduta, hau da, kultura digitalean. Baina “errealitatetik” pixkanaka urruntzean, atzamarren luzeran aurrera egiten jarraitu dugu, eta hatz-mamietan geratu gara; izan ere, gaur egun, ez ditugu teklak sakatzen; horren ordez, mugimendu azkarrak egiten ditugu kristalezko pantaila baten gainetik. Alderdi materialarekiko lotura laztan-mota horretara murriztu da, baina pentsa daiteke harreman hori ere hautsiko dela, pantailek ukipenik gabe mugimendu horiei jaramon egitean. Eta, ziur aski, ez da hor geratuko. Gailu informatiko horiek pentsamendu hutsarekin eragingo ditugu, hasieran besoa, gero eskua, eta azkenik atzamarrak mugitzeko egiten genuen moduan. Besoetatik eskuen bidezko lanera igaro ginen, eta, ondoren, mundu digitalera, eta kultura berri horri nola deitu galdetu beharko genioke geure buruari.

Ander Manterola – Etniker Bizkaia – Director del Atlas Etnográfico de Vasconia bildumaren zuzendaria

Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Steven Spielbergen 2002ko Minority Report filmaren zati bat.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~