Etnografia atalak

0

Bakioko hondartza, 1956. Iturria: Jorge Royo.

Aurreko atalean Bakioko baserritarrek orain hamarkada batzuk hareatzarekin zuten harremana azaltzen hasi ginen. Jarrai dezagun kontakizunarekin.

Artikulu honen lehen kapituluan deskribatutakoaren arabera, lehorrean lortutako hareaz eta harrikirriaz gain, kostaldeko landa-eremuetako biztanleak itsasoko ur gaziaz ere baliatzen ziren. Elementu osasungarritzat eta sendagarritzat hartzen zuten. Ohikoa zen itsasoko ur hori txanbiletan biltzea, terreina batean isurtzea eta bertan handituta edo zaurituta zegoen gorputzaren atalen bat sartzea (normalean oinak, hankak edo besoak). Itsasoko ura sudur katarroarentzako erremedio eraginkorra ere bazen; eskuak ontzi moduan ipinita ur apur bat hartu eta sudurzuloetatik xurgatzen zen mukiak kentzeko. Zientzia medikoak ere itsasoak pertsonen osasunean dituen onurak egiaztatu zituen, eta horrela sortu ziren bainuetxeak (Igeretxe Getxon, La Perla Donostian) eta erietxeak itsasertzean (Gorlizen). Bakion ez zen horrelako eraikinik egon, baina duna aldean zegoen Luisene etxean, udatiarrei itsasoko urarekin gatz-bainuak eskaintzen zizkieten, egurrezko ontzi handietan.

Batzuetan, urak itsasbelarrak ekartzen ditu eta hondartzan geratzen dira. Ez dago horretarako denbora-sasoi zehatzik, denboraleen eta itsasoaren egoeraren arabera azaltzen dira. Holakoetan, baserritarrek jaso egiten zituzten eta euren lursailetara eta ortuetara eraman, eta bertan bustita zabaltzen zituzten, ongarri gisa. Ezaguna da, inoiz edo behin pilo handiak bildu eta enpresa handiei saltzea, iodoa lortzeko.

Itsasertzeko berezko elementu naturalei ez ezik, beste batzuei ere etekina atera zaie. Kantauri itsasoa bizia eta harroa da, eta denboraleek ustekabeko hondoratzeak eragiten dituzte; hondoratzeok ohikoagoak ziren lehenago, itsasontziak egurrezkoak zirenean. Hondatutako ontzien hondarrak maiz agertzen ziren Bizkaiko kostaldearen parean, hondartzetan, korronteek eramanda, baita Bakiokoan ere. Normalean, kalitate oneko egurrak, oholtzar eta enborrak, sokak, etab. izaten ziren. Herritarrek batu egiten zituzten, eta gero zeregin jakin batzuetarako edo etxean sua egiteko erabili. Badakigu ontzietako argizari zuria ere biltzen zutela. Hori kandelak egiteko erabiltzen zuten. Horretarako kanaberak hustu, kordeltxoa jarri eta argizaria bero isurtzen zuten barrura. Gogoratu behar dugu, gaur egun ez bezala, antzina hondartza ez zela garbitzen. Zoritxarrez, batzuetan, itotako itsasgizonen gorpuak ere agertzen ziren. Nortzuk edo nongoak ziren jakin ezik, herriko hilerrira eraman eta behar bezala lurperatzen zituzten.

Bakioko hareatza, 1963. Iturria: Jorge Royo.

Azkenik, “itsasoko bainuen” onurak pixkanaka gizartean zabaltzen joan ziren, eta horrek hondartza asko, Bakiokoa kasu, hiriko biztanleentzako osasun, atseden eta aisialdirako leku bihurtu zituen; azken finean, “udarako” gune. Hareatzak zituzten beste herri batzuek, Getxok edo Gorlizek kasurako, trena zeukaten; Bakiok, ostera, ez. Beraz, Bakioko hondartzara joaten ziren Bilboko familiak maila onekoak ziren. Horrela, itsasoari eta hondartzari esker, bertako biztanleentzat, udatiarren zerbitzura zegoen lan-eremu berri bat sortu zen (sukaldariak, neskameak, añak, lorezainak, langileak, arotzak, etab.). Eta baserriaren berezko merkataritza-eremua ere zabaldu egin zen, bertako produktuak (esnea, arrautzak, barazkiak, frutak…) kanpotarrei zuzenean salduz.

Esnearen kasuan, bereziki estimatzen zuten itsasotik gertu bazkatzen zen aziendatik lortutakoa. Izan ere, belardiek iodoa izaten zuten itsasoaren kresalari esker, eta, animaliek belarra metabolizatzean, esneak hartzen zuen iodo hori. XX. mendearen hasieran, medikuek biztanleriaren iodo falta larria zela adierazi zutenez, esne mota horren eskariak gora egin zuen. Horren ondorioz, Bermeoko eta Mungiako asteko merkatuetan Bakioko esnea gainerako udalerrietakoa baino garestiago saltzen zen.

 

Zuriñe Goitia

Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~