Etnografia atalak

0

Burgiko presa txikia. Egilea: Iñaki Porto.

Duela hamarkada gutxira arte garia eta artoa ehotzeko oinarrizko eraikinak ziren errotak eta presak. Gerora, argindarra sortzeko erabili dira aunitz. Ibaiaren jario naturala moztu eta uraren jarraikortasuna eteten genuen, ezinbertzean. Ura pilatu eta lur landua ureztatzeko ere erabili ditugu presak. Mendetan zehar pilatu dira. Gaur arte.

Kalte ekologikoa 

Presa, ibaiendako eta berauen ekosistemarendako, gure zainendako odolbildua bezalakoa da. Paduren eta delten biziraupenerako oinarrizkoa den sedimentuen garraioa eteten du. Ezaguna da, erraterako, Ebroko delta pairatzen ari den kaltea bere arro guztian eraiki ditugun presa guztien ondorioz. Bertzalde, agerikoa da erruteko ibaian gora egin behar duten arrainendako presa aunitz oztopo gaindiezinak direla. Aingirak, izokinak, amuarrainak, kolakak eta lanproiak dira kalterik handiena hartu dutenak.

Mundu mailan kontsentsua erabatekoa da. Biologiaren ikuspegitik eta hidromorfologiaren ikuspegitik, presak odolbiduak dira ibaiendako. Kaltegarriak oso. Gainera, azken hamar mendeotan, presa eraiki duen inori ez zaio eskatu eraitsi dezala erabiltzeari utzi dionean. Orain, legeak horrela agintzen du, zorionez.

Ondarea 

Aitzitik, presek historian zehar gizakiontzat bete duten paper garrantzitsu horretan oinarrituta, haiei eusteko korrontea sortu da ere. Historia eta ondarea ardatz hartuta, gure garapenaren lagun eta lekuko izan diren eraikinok bere horretan mantendu behar direla dioten ahotsak dira. Are gehiago, zenbaiten erranetan, presen bitartez gizakiok sortarazitako ibai-paisaia gorde beharreko ondare naturala ere bada. Inork “biotopo” berezitzat izendatu ditu.

Ukaezinak dira bi gauza: 

  1. presek kalte egiten diote ibaiari eta bertan bizi diren animaliei.
  2. presak giza garapenean lagungarri izan zaizkigu mende luzetan.

Erronkariko presa. Egilea: Fernando Hualde.

Hemen ezberdintasun inportantea egin behar dugu erabilgarri dauden presen eta erabilpenik ez dutenen artean. Lehenengoen kasuan, kalteak kalte, legea dute alde, haien erabilgarritasun denborak indarrean dirauen bitartean. Bigarrenen kasuan, gizakioi onurarik ekarri gabe ibaiari egiten dioten kalteaz gain, legea kontra dute.

Hortaz, afera da neurtu ahal izatea zein den erabiltzen ez den presa bakoitzaren balio patrimoniala eta zer puntura arte ustezko ondasun horren lekukotasunak konpentsatzen duen dagien kaltea.

Ondare materiala eta ondare immateriala 

Ondare materialaren ikuspegitik, presa gehienak behin eta berriro berreraikiak izan dira. Ibaien indarrak ez du kupidarik eta, normalean, azal aunitzeko eraikinak dira. XIII. mendean lehen aldiz dokumentatua dagoen presan ikusten duguna azken mendean edo azken hamarkadetan egindako hamaikagarren azala da. Bihotzean ukan dezakeen Erdi Aroko egurrezko egitura ikusi ahal izateko (iraun baldin badu) ebaki egin beharko genuke. Normalean, ez da izaten ondare materiala aintzat hartzeko modukoa. Eztabaida ondare immaterialaren ildoan dago.

Egia erran, jadanik erabilpenik ez duten presek, berez, ez dute harremanik ondare immaterialarekin, beronen gomutarekin baizik; izan ere, bizirik ez dagoen jarduera ezin da ondare immaterialtzat jo. Alta, erabilpen horren onura sortu eta jaso duten belaunaldiak oraindik ere bizirik daudenez, ukaezina da transmisioa eman daitekeela eta jarduerari berrekin, ekonomikoki modu bideragarrian edota kulturalki eusgarrian. Hausnarketa honetan oinarritzen dira presak ez botatzeko jarrerari eusten dioten aunitzen argudioak. Arazoa da, ustez eman daitekeen berrerabilpen horren zain gauden bitartean ibaiarendako kalteak bere horretan dirauela.

Datorren asteko blogean argitaratuko ditugu gai honi buruzko adibide adierazgarri batzuk.

Gaizka Aranguren — Labrit

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~