Etnografia atalak

0
Gaizka Aranguren

Burgiko presa. Ezka ibaia. Egilea: Gaizka Aranguren

Aurreko astean argitaratutako artikuluan presek ibaietan eragiten duten kalteaz hitz egin genuen, baita ondarearekin duten loturaz ere. Hemen horren adibide adierazgarri batzuk:

Adibide adierazgarriak

Iruñeko Santa Engraziako presa XIII. mendetik dago dokumentatua. Hamarkada batzuk daramatza erabilpenik gabe. Aunitz izan dira ukan dituen erabilpenak. Kautxuaren industria azkena, XX. mendean. Arga ibaiak apurtu zuen duela urte batzuk eta, horren ondorioz, sortzen zuen ur-lamina desagertu eta Iruñeko arraun klub batek ezin du kirolerako erabiltzen jarraitu. Eztabaida bizia izan da. Legeak eraisteko agintzen du, baita Ebroko Ur Konfederazioak eta Nafarroa Garaiko gobernuko ingurumen sailak, baina udalak berreraiki nahi duela erran du orain arte. Ondasun gisa duen balioa azpimarratu dute berreraiki nahi dutenek, baina bere bihotza erakusteko biderik onena, hain zuzen ere, eraitsi eta ertz batean barrukaldea erakutsi ahal izatea litzateke. Ondare immaterialaren ikuspegitik, nabarmen, arraun klubaren erabilera ez litzateke argudio.

Soraluzen (Gipuzkoa), garai bateko garapen urbanistikoari lotuta, Deba ibaiari ubide itxura eman zitzaion aspaldi, eraikinen artean, eta hainbat presa eraiki ziren erabilpen desberdinetarako. Gaur, ur xafla horrek bertakoen iruditerian sortarazi duen paisaia artifizial fosilizatuak indar handia du. Presak eraitsiz gero, argi dago, ubide itxura galdu eta gune urbanizatu batean ibai bati eskaini diezaiokegun itxura natural mugatua izanen luke Debak Soraluzen; ez da hori, ordea, azken belaunaldietako identitate soraluzetarrean iltzatutako irudia, ubidearena eta ur xaflarena baizik. Presa hauek ez dute inolako erabilpenik eta Deba ibaiari egiten dioten kaltea ukaezina da.

Burgin, Erronkaribarrean, almadiak pasa daitezen, portua duen presa dago. Gaur egun, urtean egun bakarrean erabiltzen den presa da. Garai bateko erabilpen handiko egurraren garraioaren oroimenerako errekreazioa ahalbidetzen du. Egia da, bertzalde, almadiak eraikitzeko eta haien gainean nabigatzeko jakinduria guztia transmititu dela egun horri esker eta ukaezina da bertakoen iruditerian eta identitatean galdutako lanbideak duen erreferentzialtasuna. Almadiaren museoa eta Ogibideen herria deritzon ibilbide kulturala osatu dute, turismo identitario eta kulturala sustatuz. Diru iturri, beraz, bada oraindik presa. Guztioi eta, bereziki, erronkariarrei dagokie baloratzea zer puntura arte merezi dien presari eustea, Ezka ibaiari dagion kalte ukaezina aintzat hartuz eta beraien ongizateari presak dakarkien onurarekin alderatuz.

Ondorioa

Kasu gehienetan, erabilpenik ez duten presei eusteak, ez eraisteak, ez du konpentsatzen ibaiari eta animaliei, bereziki arrainei, egiten zaien kaltea.

Ondare materiala ez da izaten ohi pisuzko argudioa presei eusteko; inguruan egon daitezkeen errota zaharren hondarrak bertze kontu bat dira, baina erroten hondarrei eustea garestia izan badaiteke, erabilpenik gabeko presa mantentzea askoz garestiagoa da.

Ondare immaterialaren ikuspegitik merezi du kasu bakoitza aztertzea eta ondorioak ateratzea. Presa horiek inguruan bizi diren herritarrendako duten erabilpena eta garrantzi identitarioa da neurtu behar dena, haien iritzia jasoz eta kuantitatibo zein kualitatiboki ondorioak ateraz. Kasu aunitzetan, iruditerian iltzatutako paisaia fosilizatua etorriko da lehen lerrora, baita udako bainu eta aisialdirako leku identitarioarekiko atxikimendu emozionala ere.

Gaizka Aranguren — Labrit

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~