Ijitoak, buhameak, tziganoak, erromaniak. Euskal Herriko jendartearen parte aspaldidanik. Baina zenbat dakigu komunitate honen historiari eta kulturari buruz? Labrit Ondareak Gaz-Kaló Ijito Elkarteen Federazioaren mandatuz Nafarroa Garaian egindako ahozko memoriaren bilketatik ateratako testigantzez harilkatutako paragrafoak dira ondorengoak, alteritatearen gaia etnografiaren agorara ekarri eta ijito komunitateak bizi duen ikusgarritasun ezaren aurka antropologiatik aletxo bat jartzeko.
Nafarroako Artxiboan aurki daitezkeen lehen erreferentziak Nafarroako Blancaren garaikoak (XV. mendea) direla ziurtatzen zuen Ijito hitza proiekturako elkarrizketatutako informatzaile batek. Orduko hartatik mendeak pasa diren arren, hamarkada gutxi batzuk baino ez dira erromani gehienek alderrai ibiltzeari utzi ziotenetik. Ordura arte, bada, hara eta hona ibiltzen ziren herri honen parte ziren familiak. Hego Euskal Herrian, baina, eta agoteekin jazo bezala, ijitoen bazterketa prozesua aspalditik dator. Erromani etnia jopuntuan egote horrek legegintza aparatuaren babesa izan du, gainera, duela oso gutxira arte, kasuak kasu Errepublika garaian sortutako Ley de Vagos y Maleantes eta frankismo amaierako Ley de Peligrosidad Social. Biak ala biak ijitoei ―bidenabar, baita homosexualei― lotutako erreferentziaz josiak.
Herririk herri, zokorik zoko, jabetzarik gabe, toki bati sustraitze eza bizimodu zutela aipatzen dute proiektuko testigantzok. Belaunaldi bat joan eta bestea etorri. Maizter izateko dirurik ez, soldatapeko lan egonkorrak izateko baldintzarik ere apenas. Oinez omen zebiltzan asko; etxe funtzioa betetzen zuen gurdi baten bueltan ukandunenak. Sasoian sasoiko lanetan trebeak ziren, eskolarik ezagutzen ez zuten ume eta nagusiak barne: ardien ilea moztu, mahatsa bildu, garia jo, denetariko uztak jaso… Otarregintza eta askotariko objektuen konponketa, besteak beste, ziren ibildaun zeramatzaten diru iturrietako batzuk.
Familia, egun kolokan dagoen familia zabal sistema bertsu hori, oinarrizko funtzionamendurako sostengu eta egitura zen. Gazte ezkondu, ahal zela familiartean, azkar zahartu, eta senitarteko edadetuak ahalik eta hoberen jagon. Ijito atso eta agureen estatusa ez da edozer komunitatearen baitan, zahartzaroa eta komunitate barruko prestigioa elkarri lotuta baitaude: zabal erabiliak dira “tío” eta “tía”, odolezko loturarik izan gabe ere hala deituak. Kanpotik “patriarka” deitzen ditugun horiek, gatazka konpontzaileak dira komunitate barruan. Lege zahar propioa, balio etiko propioekin, eta berau epaitzeko komunitate barneko ordezkari propioekin. Erromani arteko agurra, Sastipen thaj mestipen (osasuna eta askatasuna), nabarmentzeko modukoa da. Bai eta erromani hizkuntzak egun bizi duen egoera larria ere. Estellerrian, Erriberan eta Iruñerrian erromintxela sekula erabili bazen, egungo belaunaldiak behinik behin ez dira honen jagole izan.
Transhumantzian oinarritutako bizimodu honetan, bidean bildutako landareek osatzen zuten informatzaileen arabera dietaren oinarrietako bat: mihiluak, esaterako, garrantzia izugarria izan du erromanientzat. Nekazaritzarako lursailik gabe, eta herri nomada gisa honetarako jakintza historikorik gabe ere, ehizan eta arrantzan ere jardun ohi zuten. Giza, baina batez ere animalia osasunean trebeak ziren, halaber. Abeltzaintza, “ahal zuten modura”: mandoren bat lagun zama arintzeko, ahuntz pare bat noizean behin antxumekia jateko eta, ahal zuenak, esnea egunerokotasunerako. Gainerakoak, tratante ofizioaren parte eta bidelagun.
Eta testigantza guztietako zeharkako elementu gisa: errekak eta eskortak. Erreketan animaliek ura edan, otzarentzako zumeak bildu, kozinatu eta eguneko lohiak garbitzen ziren. Erreka hegaletan eta zubipetan lo egin eta erditu, beheko suaren bueltan arbasoen inguruko istorioak kontatu eta, ikuspuntu antropologiko batetik, ondare immaterialaren transmisioa gauzatu: belaunaldiz belaunaldi pilatutakoa hartu eta pasa. Erreka hegaletan eta eskortetan partiturarik gabeko flamenkoa eta musika bizitzeko modu propio horren gauzatzea, Gelem-gelem ereserki ijitoak ahots urratuz dioen bezala: ibilian-ibilian. “Ijito egiten gaituena musika bizitzeko modua da”, zioen bizi nomada bukatutzat eman ostean Tuteran errotutako “tío” Selín-ek.
Bizimodu hori aspaldi bukatu zela diote ijitoek. Eta norberaren herritik karabanak pasatzen ikusi ez genituenontzat ere, hala izan daiteke. Baina gaur eguneko ijitoak ulertzeko, ezin arestian aipatutako guztia ahantzi. Bizikidetzaren izenean aldarrikatzen diren baloreak ez dira unibertsalak. Kulturak goitik behera zeharkatzen gaitu, eta unibertsaltzat ditugun definizioak kulturalak ere badira. Ijito komunitatearen inklusioan pausuak eman nahi badira, hegemoniara asimilatuak izatearen aldeko ikuspegietatik urrundu eta beraien historiaren eta kulturaren aintzatespena ezinbestekoa da.
Klara Larruzea – Labrit Ondarea