Etnografia atalak

0

Soinujoleak Kroazian (Split), 2013. Egileak utzia.

Eskusoinua deritzon tresnak egurrezko kaxa bi ditu, bata eskuineko eskuarekin erabiltzen da melodia nagusia interpretatzeko, eta bestea ezkerrarekin jotzen da nota larriak eta akonpainamenduko akordeak egiteko. Bi kaxen artean hauspo bat dago, soinulariak besoekin ireki eta ixten duena, egurrezko kaxa bakoitzean dauden soinu-mihiak dardararazten dituen airea bidaltzeko. Bi motatako akordeoiak daude, eskuineko eskuan botoiak edo teklak dituztenak.

Soinua 1829an Vienan asmatu eta, ondoren izan zuen arrakastaren ondorioz, heldu zen Euskal Herrira, Europa eta Amerikako beste leku askotara bezala. Lur hauetara iritsi zen lehenengo akordeoia, XIX. mendearen amaieran, lehen trenbideak jartzera etorri ziren Frantziako eta Italiako langile alpetarrek ekarri zuten.

Orduan hasi zen dantza-mota berri bat sartzen euskal erromerietan: “dantza lotua”. Dantza-mota horrek, dantza “soltearen” aldean, bikotean dantzatzea zekarren, eta izenak berak argi uzten duen bezala, etengabeko kontaktua eskatzen zuen euren artean. Horrela, dantza “lotua” eginez, harreman estuagoa sortzen zen dantzarien artean, eta, askotan, haien arteko ondorengo maitasun-harremanen hasiera izaten zen. Herri askotako jai eta ospakizunetan soinujoleek jotzen zituzten jotek, polkek, pasodobleek eta balsek aukera ematen zieten gazteei eta hain gazte ez zirenei erromeriez eta dantzaldiez gozatzeko, zuzeneko musikaren doinuekin, lagunekin dantza “lotua” eginez.

Maturana soinujolea Bakion jotzen, 1968an. Hilario Lasak utzitako argazkia.

Dantza “lotuari” balseoa esaten zaio euskaraz (bals hitzetik eratorria), eta joan den mendearen lehen hamarkadetan apaiz eta erlijioso askok gogor egin zuten, immorala zelakoan. Hori dela-eta, elizako agintariak ahalegindu ziren horrelako jai-ekitaldiak eragozten, eta akordeoia ere gaitzetsi zuten euren sermoietan, gazteen galgarritzat jota.

Horrela, herri askotako apaizek bekatutzat jo zuten dantza lotua, eta, sarritan, haren kontra predikatu zuten. Etnikerren inkesta etnografikoan jasotzen den bezala, Nabarnizko berriemaile batek gogoan du XX. mendeko hogeiko hamarkadan, San Joan jaiaren ospakizunean, bi neska ausartu zirela pasodoble bat dantzatzen, akordeoiaren soinuan (farrie). Mariaren Alaben Kongregazioko kide ziren, eta, aitortzera joan zirenean, herriko apaizak ez zien absoluziorik eman.

Akordeoiari, euskaraz, era askotara esaten zaio: akordeoia, soinua, farra, filarmonika eta infernuko hauspoa. Azken izen hori gehienbat apaizek erabili zuten, musika-tresna horren erabileraren konnotazio immorala nabarmendu guran. Izan ere, hauspoa, akordeoiaren funtsezko atala eta bereizgarria, funtsezko tresna zen burdinoletako sugarrak biziagotzeko ere eta, antzekotasunagatik, infernukoak ere bai.

Arrazoi argirik izan gabe, akordeoia indarra galtzen joan da azken urteotan euskal musika herrikoiaren esparruan, trikitiaren mesedetan, eta azkenean bigarrena nagusitu da. Eskusoinuaren tinbrea eta musikaltasuna bereziak dira, eta orain Europako ekialdetik datozen kaleko soinujoleak dira, musika interpretatzaile bikainak izaki, gure kale eta plazetan jotzen dituzten doinuez gozatzeko, haiengana erakartzen gaituztenak.

 

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~