Literatura irakastearen helburua idazleak sortzea ez den bezala, edo heziketa fisikoaren xedea atletak bihurtzea ez den moduan, musika ikasteak ez du musikariak sortzea esan nahi. Arratiako bailaran musika oso errotuta egon da eta dago. Areatzan bereziki, musikarekiko zaletasuna aspalditik egon den zerbait izan da Areatzako Musika Bandari esker. Honek musika ezagutza handia egotea ondorioztatu du herritarren artean. Bidean hainbat erronkei aurre eginez eta garai berrietara egokituz, belaunaldiz-belaunaldi aurrera egitea lortu du herriko banda honek.
1954ko bandaren sorreraren inguruko lehen dokumentuak daude, ala ere herritarrek, aitzindaria ziren beste banda batzuk gogoratzen dituzte. Areatzako Udalak, instrumentuak Markinako bandari erosi eta Lazaro Loperena zuzendari izendatu zuten “lehen” banda horretan. Honek ordea, ez zuen musika ezagutzarik eta aurrerapen ezak direla eta kaleratua izan zuten. Cristobal Marín Pulido, Andaluziako militarra, hurrengo zuzendaria izan zen, Recadero Zubiaga solfeo irakaslearekin batera. Zazpi hilabetez, ikasleak musikalki eta militarki formatu eta Zezili Deunaren bezperako kontzertua jo zuten (lehena). 1960. Urtean, banda hau desagertu zen.
Franco hil eta ondoren, Juan José Ipiñazarrek herrian danborrada egiteko asmoarekin, perkusioari doinua falta zitzaiola konturatu eta aurreko bandako kide batzuk batu zituen. Topaketa horretatik Kaixo fanfarria sortu zen eta hasieran helburua danborradari laguntzea izango bazen ere, beste banda bat eta musika eskola bat sortzea erabaki zuten. 1982an Ruper Lekue banda bere osotasunean sortzeko falta ziren instrumentuak lortzeaz arduratu zen. Bere ikasketa musikalei esker, Areatzako “bigarren” Bandako lehen zuzendaria bihurtu zen. Hilabete batzutan lehen kontzertua eskaini zuten (1983ko San Bartolome eguna). Gaur egun ezagutzen dugun bandaren garapena, neurri handi batean, Ruper Lekueri zor zaio. Bere ostean, Jesús María Bilbao Estefanía egon zen, bandari musikalki ekarpen handia eginez. Ondoren, Alain Sancho etorri zen. Zuzendari gazte honek, bizitasuna eta proiektu desberdinak ekarri zituen. Gero, bandako lehen zuzendari emakumea izan zuen. Paula Perez Bueno, honek ere, ekintza berriak eta proiektu berritzaileak ekarri zituen.
Garaietara doituz eta ikusle desberdinetara iristeko, Areatzako Bandak erronka berri ugarirekin trebatzen da, hala nola mota desberdinetako kanta, musika talde eta ekintzen bitartez. Banda gaurkotasunean, Aritz Labradorren gidaritzapean dago, bere helburu nagusiena, Areatzako bizilagunen estimua berreskuratu eta batzea izanik.
Laburbilduz, taldeak izan dituen zuzendari guztiek mugarri bat ezarri dute musika talde honetan. Kideen konpromisoari, batzordearen etengabeko lanari eta zuzendariak bandarekin partekatzen dituen esperientziei zein ezagutzari esker, banda hau etengabe aldatzen ari da. Banda kideek, belaunaldi desberdineko lagun taldea osatzen dute, ez daude diruagatik, ez daude inposatutako lan bat burutzen eta horrek elkartasun eta adiskidetasun giroa sortzen du, jarraitzeko indarra emanez eta azaldu daitezkeen erronka desberdinei aurre egiteko gogoa eskainiz. Areatza bezalako herri txiki batentzat zaindu beharreko altxor historiko eta kultural bat dela esan daiteke Areatzako Banda.
Kenare Fuli Echezarraga Petralanda