Intsusa gure kontinenteko medikuntzako bibliografia tradizionalean gehien aipatzen diren landareetako bat da. Zuhaixka hostoerorkorra da, 2-7 metroko altuera dauka eta bere izen botanikoa Sanbucus nigra da.
Oso atsegina ez den usain gogorreko landarea da, eta landareen erreinuan oso arrunta ez den bereizgarritasuna du: bere adarren erdigunea muin zurixka eta arola da, eta nahikoa erraz kendu daiteke. Kentzen denean, zenbait erabilera izan ditzakeen hodi hutsa geratzen da: jaurtigaiak botatzeko zerbatana, sua kitzikatzeko puzgailua, erretzeko katxinba edo pipa edo/eta flauta. Orain dela gutxira arte, gazteenek musika-tresna hori egin eta jotzen zuten dibertitzeko. Horretarako, intsusaren adarraren muina atera ondoren, zuloa egiten zuten alboan, eta erretzeko paperaz estaltzen zuten bestea. Flauta txiki honi flota esaten zioten Elosuan (Gipuzkoa); eta tulurtea, Larraungo bailaran (Nafarroa).
Esan denez, Sambucus nigra sendagarri moduan erabili izan da (aziendarentzat ere bai) ehunka urtez. Sendagarri moduan gehien erabilitako atalak lorea, fruitua eta hostoa dira, hainbat ezaugarri terapeutiko dituzten konposatu kimikoak dituztelako.
Gure lurraldean, hantura murrizteko, intsusa-hostoaz jotzen zen erasandako gunea. Zuldarra (antraxa) kentzeko, azala kentzen zitzaion intsusari, gaixoaren gernuan sartzen zen, eta, gero, horren bidez igurzten zen garau horrek kaltetutako larruazala. Eztarriko hanturei eta hotzeriei aurre egiteko, intsusa-loreen lurrinak egiten ziren, baina, batzuetan, ez ziren ur-lurrinaz egiten, erretzean sortutako keaz baizik. Era berean, esku bete intsusa-lore zeraman ur beroaz betetako bainuontzian bainatzeko ohitura ere bazegoen helburu bererako. Karrantzan, haurtxoek sabeleko mina zeukatenean, San Joaneko goizaldean bildutako esku bete intsusa-lore erretzen zen, eta, sortutako beroaz, haurtxoaren pixoihalak berotzen ziren. Gero, haurtxoa estali edo biltzen zuten pixoihal horiekin, eta, horrela, mina baretzen zioten.
Beharbada, intsusaren bitartez lortutako produktu garrantzitsuena eta hedatuena pomada da. Oso krema eraginkorra da larruazaleko erreduren aurka, mina baretzeko eta baben agerpena saihesteko ahalmena duelako, baita beste eraso batzuen aurka ere (ziztadak, asunengatiko urradurak…). Almike auzoan (Bermeo), prestakin horri Madariako botikea esaten zioten, horixe zelako krema hori egiten zuten baserrietako baten izena. Honelaxe lortzen da intsusaren pomada:
Intsusaren adarrak udaberriaren amaieran edo udaren hasieran bildu behar dira, oraindik ere gazteak eta berdeak direnean. Ahal dela, hobe da ilgoran biltzea, epealdi horretan adarren izerdia goratzeko gaitasuna omen duelako ilargiak, mareak sortzeko ahalmena duen bezala.
Hostoak kendu eta bota egiten dira, zurtoinen azal berdeak hartzen dira eta zatitxoetan txikitzen dira. Ondoren, zartagin batean jartzen dira oliba-olioz, eta su txikian prestatzen dira, printzipio aktibo guztiak atera ahal izateko. Azalak oso-oso zimel eta bigun daudenean, zartagina ateratzen da sutatik, eta salda iragazten da iragazkiaren bidez, olio beroa biltzeko. Olio hori apurka-apurka eta arretaz isurtzen da metalezko ontzi batean, baina, aldez aurretik, argizaiaren zati batzuk jarri behar dira bertan, eta den-dena eragin behar da, harik eta argizaria urtu eta olioarekin nahastu arte. Gogortutakoan, produktuak pomadaren testura eduki behar du. Gogorregi geratzen bada, olio bero gehiago eransten zaio; eta, likidoegi badago, argizari gehiago. Ezin errazagoa da erabiltzea: pomada zuzenean jarri eta zabaltzen da erasandako gunean.
Hona hemen osagaien proportzioak, gutxi gorabehera: plater sakon bat intsusa-azal berde (200 gramo inguru), litro bat oliba-olio eta 300 gramo argizari.
Zuriñe Goitia – Antropologoa