Ira-meta. Arrazola (Bizkaia), c. 1960. Jose Antonio Retolaza.
Iratzeen erabilera tradizional ugarien artean, iraganean, iratzerik arruntenaren (Pteridium aquilinum) erabilera nabarmentzen zen, abereentzako etzaleku gisa erabiltzen baitzen, ukuiluan. Horretarako, udazkenean bildu behar zen, lehortzen hasten zenean, eta euriarekin busti aurretik; ondoren, zenbait prozedura erabiltzen ziren berau gordetzeko. Prozedura horietako bat lurraldeko eremu euskaldunean ira-metak deitzen direnak egitea zen.
Iratze lehorra kalitate oneko etzalekua zen, eta, ganaduaren gorotzarekin nahastuz gero, ukuiluko estalpean gorde eta ondu ondoren, lurra lantzeko ongarri bikaina lortzen zen. Euri-uren ondoriozko lixibaziorik jasaten ez zuenez, nutriente guztiak mantentzen zituen, eta, tenperatura altuei esker, eduki zitzakeen “belar txarren” haziak ez ziren hain erraz hazten. Denborarekin, praktika hori bazterrean geratzen hasi zen, “antihigienikotzat” hartzen baitzen.
Abeltzaintzak bilakaera izan zuen lekuetan, horrelako etzalekuen ordez, beste metodo batzuk erabiltzen hasi ziren, atseden-guneetan ganadua lehor mantentzeko asmoz; prozedura berritzaileak ziren, bai eta garestiak ere.
Simaurraren “kudeaketan” izandako aldaketek minda-kopuru (simaur likidoa) handiak sorrarazi dituzte, abeltzaintza areagotu den lekuetan. Horrek erabilerarako inbertsio handiak dakartza, baita kutsadura-arazo batzuk ere.
Iratze arrunta. Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.
Aspaldi, iratzea etzaleku gisa erabiltzeak munduaren ikuspegi integratzailea zuen. Gaur egun, iratzea landare “inbasore” gisa hartzen da, baina, garai hartan, modu eraginkorrean aprobetxatzen zen, mendi-guneetako emankortasuna laborantzako lurretara eramanez.
Ikusmolde horren arabera, antzinako nekazariek euren bizitokiaren inguru naturaleko osagai guztiak elkartzen zituzten: mendiko materiala ganaduaren beste materialekin nahasten zen, materia emankorra sortzeko eta, horrela, nekazarientzat eta abereentzat mantenu gisa baliagarria zen laborea hazteko, eta, hartara, bizitzak aurrera egin ahal izateko.
Laburbilduz, elikagaien produkzio ekologikoaren mugimendu modernoen aurrekaritzat har daitekeen ikuspuntu holistikoa zen hura.
Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa
Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, honakoak kontsultatu daitezke: Atlas Etnográfico de Vasconia bildumako Ganadería y Pastoreo en Vasconia liburukia eta Etniker Bizkaia 15eko “Usos tradicionales de los helechos en Euskal Herria”.