Ganbaran, sabayaoan zokoratuta, gaur arte heldu dira zeramikazko ontzi zahar batzuk, sarritan hautsita edo hondatuta, bai erabiliaren erabiliaz bai denboraren eraginez. Beste batzuk, gutxi batzuk, baina gero eta gehiago, garbi eta txukun agerian jartzen dira leku nabarmenetan. Askotan ez gara ados jartzen ontzioi izena emateko orduan, eta herri hiztegian kontzeptuak nahastu egiten dira: lapiko, tina, murko, eltze, katilu, tartera, pitxer… Hala ere, denek dute amankomunean eskuz eginak izatea eta etxeko zereginetan ―elikagaiak kontserbatu, prestatu eta zerbitzatzeko orduan― funtzio garrantzitsua bete izan dutela.
Lerro hauek idazten ari naizenean, Irunberriko buztingileen gremioa dut buruan. Nafarroako herri horretako gizon eta emakumeek hirurogeiko hamarkadara arte eutsi zioten buztingintzari, mendetako buztin-tradizioari jarraituz, XVI. mendetik gutxienez. Lardingo (lur gorria) eta Laranako (lur zuria) parajeetatik ateratako lur onak zituzten langai. Lur horiek, eginbeharreko ontzien araberako neurrian nahasten zituzten; lehenengo oinutsik eta gero eskuekin.
Irunberrin jada ez dira ikusten lehortzen jarritako ontziak, ez eta ontziginaren oina tornuan bueltaka ere, eskuekin ontzia moldeatzen edo escaveta trebetasunez maneiatzen duen bitartean. Ez dira ikusten andreak beira itxura emateko ontziak bernizatzen. Dagoeneko ez dira ezpel-kargak astoz La Costeratik ekartzen; ez dira lapikoak egosteko labeak pizten; eta ez andrazkoak eta ez gizonezkoak ez dabiltza etxerik etxe, ez herririk herri, ontziok saltzen. Ez… Den-dena itzali zen, portzelanak eta plastikoak aurrerapenaren izenean bidea zabaltzen hasi zirenean.
Labe haiek amatatu zirenean, buztingileen familiak ere itzali egin ziren; besteak beste: beroiztarrak, goienetxetarrak, napaltarrak, pereztarrak, rebolétarrak… Garai berriak etorri ziren, eta ordurako ez zituzten piperrak ozpinetan jartzen, ez zuten haragia ontzen, ez zen arroza tarteran prestatzen. Mahairako ontziterian buztina baztertu eta portzelana eta loza ziren nagusi; oiloei ura emateko latak erabiltzen ziren; ohean oinak berotzeko gomazko poltsak; eta mahatsak sulfatatzeko gailu modernoagoak. Esandako horiek guztiak XX. mendearen bigarren erdialdean bizi izandako aurrerapenaren adibide batzuk baino ez dira.
Irunberrin, kasurako, Las Cruces, Los Olleros, El Arrabal edo Gallarape izeneko kaleek, neurri handi batean, betidanik izandako bizitasuna galdu zuten. Eta bai… artisauen azken belaunaldi haren bizitza ere itzali egin zen: Gabriel, Frantzisko, Juan Jose, Julian, Blas, Justo, Hilario… Ahaztu gabe gizonezko izen horien guztien atzean beti emazteen, alaben, amen eta amonen esku fina zegoela: bai ontziak bernizatzen, bai buztina nahasten, bai lehortzen jartzen, bai ezpela eramaten, bai saltzen. Ontzi bakoitzaren atzean, beti, beti, beti, lantalde mistoa zegoen. Horregatik, jada ez gara buztingileez ari, buztin-eskuez baizik. Esaldi hori da, “Buztin-eskuak”, 2021. urte honetan Irunberrin buztingintzaren memoria berreskuratu, babestu eta ezagutarazteko zabalkunderako egitasmo oso bati izena ematen diona. Horren harira, azken belaunaldi horietako ondorengo guztiak bildu dira egitasmo horretara, salbuespenik gabe, denak bat eginda. Artisauen gremio baten aurrean gaude. Gremio horrek, “itzalita” egon arren, herritarren oroimenean bizirik jarraitu nahi du; harrotasuna sortzen eta identitate izaten jarraitu nahi du aurrerantzean ere.
Fernando Hualde – Etnografoa – Labrit Ondarea