Kantauriko kostaldeko itsas portu ugariek ezaugarri eta ardura berdin antzekoak izan dituzte aspaldidanik: arrantza-harrapaketen segurtasun falta eta arrantzara atera ahal izateko baldintza atmosferikoen ziurgabetasuna. Bestalde, denetan, itxura askotako eta kolore desberdinetako zurekin etxebizitza apalak eraiki zituzten. Etxeon ezaugarriak ere berdintsuak dira: ontziak egiteko eta mantentzeko materialak erabili zituzten; zoru eta sabaiak maila desberdinetan zeudenez etxeetan sartzeko eskailera pikeak eraikitzen zituzten, eta oheak hormetan sartuta zeuden. Portu eta itsasontzien ezbeharrak eta istripuak, sarritan arrantzalek eurak ere galduta; arrakasta gabeko irteera ugariak, irabazi eskasak… beti pobreziaren erpeetatik ihes egin ezinik. Egoera horrek ez du zerikusirik gaur egungoarekin, orain kostaldeko herriak turismo eta gastronomia gune garrantzitsuak dira.
Egoera eta baldintza horiek kontuan izanik, itsas munduaren inguruan sortutako tradizioak oparoak izan dira: ontziolak, baxurako eta alturako arrantza, merkataritza, kabotajea, manufakturak, etab. Beste horrenbeste dira itsasoari lotutako lanbideak: talaiariak edo seineruak, ibaiertzeko arotzak, patroiak, itsas kaboak, arrantzaleak, saregileak, abisu-emaileak, saltzaileak, zamaketariak, zirgariak, batelariak, etab. Talaiarien edo seinularien lana oso garrantzitsua zen, itsasoa ondo ezagutzen zutenez, eurek erabakitzen zutelako itsasoaren egoeraren arabera arrantzan irten edo ez, nahiz eta sarritan erabaki erraza izan ez; baiezkoa izatekotan, goizean lehenengo orduan, emakumeek itsasorako deia egiten zieten arrantza-taldeei (dei eittekuak). Eta arrainarekin portura itzultzean, emakumeok berehala saltzen zuten arrain freskoa kaleetan oihuka, edo apurtutako sareak konpontzen zituzten.
Itsasgizonen kofradiak elkarri laguntzeko sortu ziren aspaldian, eta gizartean duten garrantziaren lekuko dira gorde izan dituzten dokumentazioa, zeremoniak eta errituak. Hona adibide batzuk: Lekeition eta Hondarribian kofradiaren aginte-aldaketa erakusteko, kofradiako kaxaren lekualdatzea egiten dute; Lekeition sanpedroetan, Kilin Kala eta Kaixarranka dantzarekin; eta Hondarribian Santiago egunez, Kutxaren jaiarekin. Gizonen arrantza-kanpaina luzeen ondorioz (bisigua, berdela, antxoa, hegaluzea, bakailaoa, balea, etab.), emakumeek abesten zuten Abendua Gabonetan; eske-errondak egiten zituzten Santa Ageda bezperan (alargunek eta umezurtzek batez ere); eta Zortziko edo Aurresku buru izaten ziren (Bermeo, Lekeitio, Elantxobe, Bilbo, etab.). Ondarroan eta Deban zahagi-dantzarekin amaitzen dituzte herriko jaiak. Horrez gainera, marinelen arteko lehiak ere sortzen ira: estropadak, nasapuntakoak, antzar-jokoa, edo beste jolas batzuk.
Karmen egunean ohiko itsas prozesioa antolatu eta itsasoan galdutakoei lore eskaintzak egiten zaizkie. Egun narrasetan, Lekeitioko ikasleak eta maisua San Juan Talako-ra joaten ziren letanian zutoihal eta guzti, eta ur gaziak bedeinkatu eta eskaintzak egiten zituzten (ogi salutadorea eta olioa). Kostaldeko elizetan zintzilik daude ozeanoetako gorabeheretatik libratutako pertsonen exbotoak (itsasontzien erreprodukzioak, koadroak, objektuak, etab.). Itsasontzian ez zen deabrua aipatzen, ezta berari buruz hitz egiten ere, eta Jaungoikoaren laguntza eskatzen zuten. Masta nagusian ipintzen diren erramuek Aste Santutik aurrera babesten dituzte itsasontziak, eta kostaldeko leku batzuek (Gaztelugatxeko San Joan, Izaro edo Garraitz) edo ibai-ahoek (Salbe, Abra), marinelentzat zentzu berezia hartzen dute, batez ere agur egiteko orduan.
Laburbilduz, itsasoak eta kostaldeak pertsonen joan-etorriak mugatzen dituzte; baina, aldi berean, munduari ateak zabalik daude, eta hainbat hizkuntzatako komunikazioa eta mota guztietako ezagutzak trukatzeko bidea ematen dute (musika, musika-tresnak, ideia politikoak, ikusmolde filosofikoak, hizkuntzak, etab.).
Josu LARRINAGA ZUGADI
Soziologoa