Etnografia atalak

0

“Mutriku eta Elgoibarko bi gipuzkoar Elgoibarko plazan (Gipuzkoa)”. Egilea: Juan San Martín, 1960. Iturria: GipuzkoaKultura.

Duela gutxi, Veneziara egindako bidaia batean, erakusleiho bat ikusi nuen, salgai zegoen jaka batekin eta giacca hitzarekin identifikatzen zuen errotulu batekin.

Ez nuen zalantzarik izan eta argazki bat atera eta hizkuntza-bitxikeriekin gozatzen duen lagun bati bidali nion, zergatia azaltzeko audio batekin batera, argi baitago giacca hitz hura jantzi hori euskaraz izendatzeko darabilgun jaka hitzaren parekoa dela.

Bakarrik bidaiatzeak horrelakoak ditu, aspertzeko tarteak ere badaudela, eta ez dakigula nola bete. Baina nire adiskideari hainbeste gustatu zitzaion hitz haren istorioa, ezen kontatzera bultzatu baininduen.

Gainera, ez dago jasota Euskaltzaindiaren Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan, eta, beraz, egokia dirudi azalpenak.

Jakak, jantzi gisa, Erdi Aroan edo Errenazimentuaren hasieran du jatorria, jipoi (juboi) bezala eta langile klaseko gizonek erabiltzen zuten tunika motzaren bertsio estuagoa izanik. Ondo dakigunez, kanpoko jantzia da, aldakaren azpira iristen da, mahukak ditu, eta aurretik irekita dago, botoi-lerrokadura batekin, nahi bezala ireki eta ixteko.

Ondo da ba. Dirudienez, eta hizkuntzalarien gehiengoaren oniritziz, gure jaka hitza eta lehen aipatutako italierako giacca, Jacques pertsona-izenetik sortuak dira, hau da, gure Jagoba, Jakue… edo gaztelaniako Santiago, Jacobo….

Izan ere, nekazari frantsesak Jacques ezizenarekin ezagutzen ziren, euren artean oso izen arrunta baitzen. Era berean, nobleek mespretxuz deitzen zieten Jacques beren lurretan lan egiten zuten morroi eta nekazariei.

Horregatik, jantzi ohi zuten jipoia (juboia) jaque moduan ezagutzera pasa zen, hots, ‘Jacquesen, nekazarien jantzia’.

Veneziako denda bateko jaka. Iturria: Felix Mugurutza.

Bide batez, erdal jubón hitza euskaraz jipoi da ‘astindua, egurra’ esanahia ere duena.

Baina itzul gaitezen gure gaira. Eta hara nondik, hain baxutzat zeukaten gizarte-maila hartako jaque hitzetik frantsesaren chaqué hitza eratorri zen, goi-mailako klaseei gehien dagokien etiketa-jantzia hain zuzen ere.

Dena dela, horraino iritsi zen gure euskara, berezkotzat hartzen dituen hitz arrotzekin beti hain tratu delikatu eta kontserbatzailea duena. Izan ere, inguruko beste hizkuntza batzuek aurrerago egin zuten beren bilakaeretan, eta jaquette (jaque hitzaren txikigarria) izenaz baliatu ziren jaka izendatzeko, jipoi txiki moduko bat zela adierazteko, hau da, jaque eta jaquette jantzien bikoiztasuna jatorritik bereizteko.

Eta hortik, jaquette hitzetik sortu zuen gaztelaniak chaqueta hitza. Esan gabe doa ingelesezko jacket bertsioa erabiltzen dugunean gauza berari buruz ari garela.

Ingelesez hanseline terminoa ere erabili izan zen jakak izendatzeko. Baina ez gaitezen nahasi, Hansel, gure haurtzaroko ipuinei esker ondo ezagutzen dugun pertsona-izen hori, Jacques izenaren alemaneko antzinako baliokidea baita.

Horrela gauzak, edozein bide aukeratuta, Jacques izenera helduko gara, Frantziako nekazarien artean hain ohikoa eta ezaguna izan den izenera.

Horrela, Erdi Aroan eta Antzinako Erregimenean nekazariak protagonista izan ziren hamarnaka herri matxinadak (lehena 1385ean), jacqueries izenaz ezagutzen dira historia ikastean.

Nork esango zigun historian maila herrikoienak eta baserritarrak sinbolizatu zituen jaka, jantzi hura, denborarekin kontrako kasura iritsiko zela, hau da, dotoreziaz apaintzea adierazten duen jantzia bihurtuko zela, “chaqué” janztea.

Gure egungo egoerara ekarrita, jaka, batez ere Euskal Herriko isurialde kantauriarrean, ez zen eguneroko laneko janzkeraren parte. Baina eztabaidaezina izan da nolabaiteko agerpen publikoko egoeretan, hala nola ezkontzetan, hiletetan edo garrantzia zuten tratu komertzialetan. Horregatik ezin zen jaka falta gure baserrietako armairuetan.

Nork esango zigun jaka hitzak hain urrun eramango gintuela historian zehar. Eta maparen gainean, bizikleta gainean Veneziaraino joan behar izan bainuen ikusi, sentitu eta lerro hauetaraino ekartzeko.

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~