Etnografia atalak

0

Kumak hariekin. Argazki-egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Aisialdian garatzen den giza ekintza da jolasa. Belaunaldi eta adin-talde bakoitzeko jolas-jarduerek ezaugarri bereizleak izan ohi dituzte, giroak edo urtaroek baldintzatuak, batetik, eta ohiturak berak arautuak edota erritu berezietan oinarrituak, bestetik.

Batzuetan, jostailuak erabiltzen dira jolaserako baliabide gisa. Izan ere, bai jolasa, bai jostailuak, funtsezkoak dira banako zein taldeen (talde-dinamikak, terapiak, etab.) sozializazioari eta hezkuntza-metodologiari begira. Azpimarratzekoa da, hain zuzen, jostailu batzuen helburu didaktiko argi eta garbia, baita gamifikazioa (jolasarekin zerikusirik ez duten jardueretan, jolasaren dinamika eta mekanika baliatzen dituen teknika) aplikatzeko joera hedatua ere, esparru akademiko eta profesionaletan batik bat.

Jolasa bultzatu eta desira pizten dute jostailuek. Jostailu bera behin eta berriro erabiltzea dakar berez jolasak, betiere jostailuaren beraren helburu zehatzarekin. Produkzio komertzialeko jostagarriak alde batera utzita, jolasaren protagonistek edo beren hurbilekoek sortzen dituzten osterantzeko jostailuetan lotura estua nabaritzen da ingurunearen berezko materialen eskuragarritasuna eta erabilerarekin (ura, lurra, harea, landaredia, fauna, etab.). Areago, sarri askotan berrerabil daitezkeen hondakin edo osagai zaharkituekin egiten dira.

Horregatik, askotarikoak dira jostailugintzan erabili izan diren eta erabiltzen diren materialak. Horietariko batzuk eskura izaten ditugu, eta eskura ez ditugunak erraz dira eskuragarri: hariak edo kordak (kumak, sokak, pilotak…) edota gomak, zura (makilak, arkuak eta geziak, tiragomak, puxtarriak, zibak, ezpatak, pistolak, blokeak edo piezak…), papera (hegazkinak, itsasontziak, txanoak, haize-errotatxoak, paper-txoriak, kromoak…), oihalak edota zapiak, metalak (kinkinak, ontziak, zirrindolak, txapak…), hezurra (tabak edo txokoak) edota kristala (puxtarriak eta iturriak), landaredia (ihiak, loreak, artaburuak…), intsektuak edota animaliak, baita horietako batzuen egin-egineko batura ere (goitibeherak, zabuak, yo-yoak, tankeak, panpinak, pilotak, diaboloak, petankak…), eta hamaikatxo soinu-tresnak (txirulak, turutak, txistuak, eltzagorrak, danborrak, karrakak…).

Jostailu-sorta. Argazki-egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Interakzio soziala eta pertsonen edo adin-kategorien arteko sozializazio-prozesua ahalbidetzen dute jostailuek (sinpleek edo konplexuek), horiek asmatzeko teknikak eta esperientziak ezagutuz. Horrela, jostailuok egiteko gaitasuna, irudimena eta sormena, edo banakako edota taldekako egoeren ebazpena sustatzen da. Jostailuaren izateko arrazoia erdietsi nahi da, baita berorren iraupenaren edo bizi-itxaropenaren araberako mantentze-prozesua bilatu ere.

Beraz, arestian adierazi dugunez, erabileraren erabileraz areagotzen den hezkuntza-gaitasuna du jostailuak. Dela berdinen artean eskuratua, dela belaunaldiz belaunaldi transmititua, jostailua funtsezko tresna dugu ikaskuntzan, batez ere lehian edo norgehiagokan oinarritzen diren ikasbideetan. Hala bada, jostailuak bide ematen du, prozesu dinamiko eta esanguratsu batez, norberaren ezagutza garatzeko eta harremanak errazteko, berdin bizitzan, elkarbizitzan edo gizabanakoaren konpetentzien arloan.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~