Etnografia atalak

0

Jule, eskumaldean, neba Antonio eta ahizpa Iñakerekin. Iturria: Miren Gabilondo.

Martxoaren 14an, Mungiako Torrebillela kultur etxean Jule Gabilondo Maitek Donibane Lohizunen 1937-1938. urteetan idatzitako Jel-azia liburua aurkeztu zen. Hitzaldi-aretoa jendez beteta egon zen, mungiarren artean herriko alabaren inguruko jakin-mina eta interesa bazegoela seinale.

Jule Gabilondo Arruza-Zabala Mungian jaio zen, 1902ko urtarrilaren 29an. Gurasoak: aita, Juan Gabilondo Azurmendi gipuzkoar medikua (Zegama), eta ama, Idoia Leonor Arruza-Zabala Etxaburu bizkaitarra (Gueñes). Amaren aldetiko aitita Raimundo Arruza-Zabala mungiarra zen, Gueñes herrira ezkondu zena; baina urteak garrenean Mungiara bueltatu zen familiarekin.

Jule gazte-gaztetatik izan zen liburuzalea —Lauaxetaren eragina ere badagoke horretan guztian— eta, autodidakta izanik, 1930ean Euskal-Esnalea aldizkariak antolatutako literatur saria irabazi zuen. Horrek kinatuta, errepublika-urteetan eta gerra-garaian, Mat̄e/Maite ezizenarekin, etengabe kolaboratu izan zuen orduko hedabideetan, euskaraz betiere: Euzkadi, Euzko, Ekin, Aberri, Eguna… Berrehun lan baino gehiago argitaratu zituen. Julek argitaratutako lanetan honako gaiok jorratu zituen batik bat: emakumea, abertzaletasuna, erlijioa, euskara, eusko gazteria eta herri-kronikak.

Jule Gabilondok politika- eta kultura-arloan eginiko lana “Emakume Abertzale Batza” taldearen inguruan kokatu beharra dugu, bertako kide aktiboa izan zen-eta. Bere lanen amaieran, Mat̄e ezizenaren ondoan, E.A.B. aila jartzen zuen Julek, militantzia hori azpimarratzeko. Hizlari modura ere ibili zitzaigun gerra aurreko urteetan, eta bere berbaldi arrakastatsuetan, gehienbat, emakumearen gaineko gaiak jorratu zituen.

Gernikako bonbaketak eta Lauaxetaren atxiloketak aztarna sakona utzi zuten Julerengan, eta haren idazluma mututu egin zen jazoera lazgarriotatik aurrera. Izan ere, bat-batean eten zen haren kazetari-jarduna gertaera bion ostean.

Mungia eta Bilbo faxisten menpe jaustean, Jule Gabilondok Santanderretik Bordelera, eta handik Ipar Euskal Herrira jo zuen familiarekin, Donibane Lohizune herrira, hain zuzen ere. Han idatzi zuen Jel-azia liburua, 80 bat urtez ilunpetan egon dena.

Maite eta Jule, elkarri begira. Iturria: Miren Gabilondo.

Hegoaldera bueltatzean, Gipuzkoan bizi izan zen (Zegama, Beasain, Lazkao, Donostia) euskalduntasuna eta euskal kultura barru-barruan zeuzkalarik. Tamalez, haren idazluma isiltasunera baitaratu zen gerraostean. Donostian hil zen 1994ko urtarrilaren 1ean, 91 urte zituela.

2019. urtean, Maria Elena Etcheberryk, Andres de Irujoren alargunak, dohaintza garrantzitsu bat egin zion Euskadiko Artxibo Historikoari, besteak beste, Buenos Airesko Ekin euskal argitaletxearen funts baliotsua zeukana. Funts horren baitan zegoen Jel-azia liburuaren eskuizkribua. Makinaz jotako 150 orrialdeko testua zen eta nahiko ondo kontserbatuta zegoen. Nola heldu zen testua Argentinara? Nork eraman zuen?… Geroak esango.

Liburuak bost gai nagusi ditu: 1. Euskadi, 2. Euskara, 3. Eusko emakumea, 4. Eusko gaztea eta 5. Euskadi eta gudua. Dagoeneko, euskal irakurleak aukera du Mungiako idazle gazte eta engaiatu batek, Jule Gabilondo Arruza-Zabala Maitek, gerra-urteetan idatzitako Jel-azia liburu galdua irakurtzeko.

Iñaki Sarriugarte Irigoien

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~