Gaur egungo Gipuzkoako inauterien elementu garrantzitsua da Kaldereroen konpartsa, izan ere, hamabi udalerritan antolatzen dira kaldereroak: Andoain, Astigarraga, Azpeitia, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Oiartzun, Ordizia, Pasaia eta Tolosan. Kasu gehienetan, inauterien aurreko astean kaleratzen dira kaldereroak, eta, beraz, inauteriak badatozela iragartzen dute.
Ezaugarri berdintsuak aurkituko ditugu Kaldereroen konpartsa ateratzen den leku guztietan. Parte-hartzea irekia izaten da orokorrean. Norbera arduratzen da mozorroa osatzeaz, halere, antzekotasun handiak daude janzkerari dagokionez. Gizonezkoek txaleko, jaka eta kapela ilunak janzten dituzte, eta koloretako lepo-zapia eta urre koloreko apaingarriak daramatzate zintzilik sarritan. Batzuek aurpegia ere belzten dute. Emakumeek, berriz, gona eta alkandora koloretsuak, lepo-zapiak edota artilezko xalak, urre koloreko apaingarriak eta, batzuetan, buru-zapia eramaten dituzte. Makillaje deigarria erabiltzen dute andrezko askok. Parte-hartzaile gehienek eskuan zartagin zaharrak daramatzate eta makil edo antzekoekin jotzen dituzte zarata ateratzeko. Horrez gain, herriaren arabera aldatu daitezkeen elementu eta pertsonaiak ere izaten dira: asto edo zaldiz tiratako gurdiak, kaldereroen erregina, Hartza eta Zaintzailea, dantzariak, musikariak… Eta parte-hartzaile guztiak herriko edo auzoko kaleetan barrena ibiltzen dira desfilatzen, kazuelekin soinua atera bitartean.
1884. urtean azaldu zen lehen aldiz Donostian Kaldereroen konpartsa, beste edozein konpartsaren moduan[1]. Egunerokotasunaren zati ziren egoeren parodiak antzezten ziren inauterietan, eta, kasu honetan, metalezko tresna edo ontziak konponduz herriz herri ibiltzen ziren artisauak imitatzen zituzten. Garai hartan, konpartsak behin plazaratzeko antolatzen ziren, eta mozorroak zein musika berria sortzen zen halakoetarako. Halere, kaldereroek arrakasta izan zuten, eta, hainbat gorabeheraren ondoren, 1972. urtetik urtero atera dira hiriburuan. Lehen Alde Zaharrean baino ez ziren ibiltzen; orain, baina, Donostiako auzo gehiagotan ikusten dira. Era berean, Gipuzkoan barrena ere zabaldu zen tradizio hau, jatorria Donostian duten inauterietako elementu eta ohiturek probintzia mailan izan zuten eraginaren adierazgarri.
Kaldereroen antzeko garapena izan zuten Inude eta Artzainen konpartsak, Oilarren, Lanpernen eta Jardinzayen konpartsa tradizionalek, baita horren ezaguna den Danborradak ere. Aipagarria da ekitaldiok hastapenetan egun pare bateko festarako pentsatu baziren ere, gaur egun inauterien baitan izaera berezia dutela, eta, Danborradaren kasuan, egun horietatik kanpo dinamika propioa ere garatu duela.
[1] Sada Anguera, Javier María. Carnavales donostiarras: de los orígenes a nuestros días. Donostia-San Sebastián: Txertoa Argitaletxea, 1991.
Maddi Dorronsoro – Antropologoa