Beharbada ez gara konturatzen, eguneroko bizitzak gaur duen inertziarengatik, baina, oro har, dibertitzeko orduan falta izaten ez dena, batez ere jai, asteburu eta askotariko ospakizunetan, musika da.
Melodiak interpretatzeko beharra, hainbat arrazoirengatik, guztiz aspaldikoa bada ere, azken mendeetan, funtsean, bi erabilera atzematen ditugu kaleko eremuan: ludikoa edo aisialdikoa; eta errituala (erlijiosoa eta/edo zibila). Gainera, ibiltari edo mugikorra izateak, batetik, eta finko edo estatikoa, bestetik, bat dator protagonista zuzenen, musikarien, presentziarekin: ikasiak eta eskolagabeak; afizionatuak, profesionalak eta eskaleak; instrumentalak edo ahotsak lagundutakoak; autoktonoak edo kanpotarrak.
Herriaren tipologia administratiboak –denboran eta espazioan aldakor–, bai eta komunitatearen garrantziak eta neurriak ere, eragin nabarmena izan dute soinuaren gozamenean. Ez dira gauza bera herri txiki edo auzo bateko pandero-jotzailea, igandean aisiarako eta dantzarako balio zuena; inauterietako ikasle-errondaila bat; edo udalaren musika-banda, jaiegunean modako soinuak jotzen zituena plazan, irrikaz entzuten zieten herritarren aurrean.
Daturik zaharrenek, orokortasunaren eta garai baten barruan, adierazten digute txistulari, txirulari, dultzainero edo gaiteroek, besteak beste, eta beren bi aldaeretan, hau da, kobratuz edo modu altruistan, jaieguna edo ekitaldia soinuz girotzen zutela. Ibiltaritzari dagokionez (atal estatikoarekin edo gabe), alde batera utzita errituala = erlijiosoa baizik ez zena, ikuspuntua entzuleak erakartzea zen; gazteak, batez ere.
Historiako zenbait unetan, musika-bandek, akordeoi-taldeek eta jazzband direlakoek, nolabait, txistuaren eta beste tresna batzuen gainbehera eragin zuten. Bitxia bada ere, joaten den guztia itzuli egiten denez, eta alderantziz, beren existentzia finkatu zutenek ere jasan dute garai latzik.
Horren guztiaren muinean agertu ziren, gutxi gorabehera 1950eko hamarkadan, kartoi-bandak. Herrialde osoan arrakasta handiena eduki zuten eskualdeetako bi Bilboko itsasadarraren bi ertzak izan ziren. Garai nolabait pobre batean produktua merkatzeak, nahiz eta tresnak kartoi hutsezkoak ez ziren, eta perkusioa ere ez zen, bultzada eman zien era horretako taldeei, zeinek gogora zekarzkiguten antzinako turutak eta erretzeko papera, soinuak sortzekoak. Ia denak desagertu ziren XX. mendearen amaieran, txarangen gorakada geldiezina dela eta. Malenkoniatsu batzuk baino ez dira saiatu haiek berpizten.
Baserriz baserri zihoan txistutik formazio martzialean jarritako talde militarretara igaro gara, eta, haietatik, kartoi-banda menderagaitz, fanfarre, txaranga, trikiti, txistulari- eta gaitero-talde, musika-banda (udalenak edo pribatuak) eta beste hamaika musika-konbinaziotara. Eta azken urteetan, batukadak eta elektrotxarangak ere agertu dira. Hori guztia, hain denbora laburrean, bete-betean bizi izan dudala iruditzen baitzait.
Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa