Etnografia atalak

Errebonbilloen azken deskarga. (2018/10/07). Argazkia: E. X. Dueñas.

Errebonbilloen jaia “Lepanton irabazitako guduaren garaikoa da, elorriar ospetsuek Joan Austriakoaren agindupean, arabiarren armadaren kontra borrokatu zutenekoa”. Beraz, ” aldian-aldian ospatzen den data tradizioarekin bat dator, izan ere Lepantok eta Arrosarioko Ama Birjinak oroitzapen historikoak irudikatzen dituzte”. (1).

Jai horren gaineko bertsio gehiago ere badago. Herritarrek zehaztasunez kontatzen dute Amandarro familiako kide batzuk, gerratik itzultzean, Kanpazar portura iritsi zirenean hainbat tiro egin zituztela. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako kontakizun horiek, aire erromantikoa eransten diote jaiaren jatorriari, era berean, komunitatean bizirauteko oinarria eratuz.

Segizio osoa. Mundo Gráfico, 990. zk. (1930/10/22). Argazkia: I. Ojanguren (E. X. Dueñasen artxiboa).

Jaia aztertzen badugu, bi elementu nagusi aurkituko ditugu. Alde batetik, egutegi liturgikoari izena ematen diona: Arrosarioko Andre Maria, Aita Santu ezberdinek defendatutako ospakizuna. Elorrion egun horretan bezperak, prozesioa eta salbearen kantua egiten dira.

Bestetik, armadunak daude, errebonbilloak. Gaur egun goizeko 5etan agertzen dira lehen aldiz (3etan edo 4etan, XX. mendearen hasieran), kalez jantzita, eta hiribilduaren erdialdean egiten dituzte tiroak. Egun bereko arratsaldean, gala jantziekin, deskargak egiten dituzte leku jakinetan, horietako batzuetan prozesioarekin bat egiten dutela.

Aurreskua: Kontrapasa (2018/10/07). Argazkia: E. X. Dueñas.

XVI-XIX. mendeen artean Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan zeuden arma-alardeekin (arma zuriak zein suzkoak izan) lotura zuzena daukatela pentsatzea bidezkoa da; izan ere, arma horiek gerra kasuetan erabil zitezkeen, eta euren egoera berrikustea zen alarde horien helburua. Denboraren poderioz, alarde horietako batzuk ospakizun jendetsuak bihurtu dira (Hondarribia, Irun edo Tolosa). Beste batzuk, Elorrion, Antzuolan, Legazpin edo Pesta Berriaren kasuan, errituz betetako antzezpenak dira.

Jatorria edozein dela ere (alardea, alaitasuna goratzea, jai-ospakizuna), ezagutzen diren lehen berrietatik, Aurreskuak ematen dio Elorrioko ekitaldiari amaiera. Garai batean 12-14 gizonek zuzentzen zuten; 2019an, ostera, 15 andre-gizonek. Guztiak uniformez jantzita doaz, bikornio eta frak eta guzti; kapitainaren aginduetara eta uneoro txistularien doinu martzial eta dantza alaien musikaz lagunduta.

 

Emilio Xabier Dueñas

Folklorista eta etnografoa

 

(1) LAZCANO, Nemesio de. “Los erre-bombillos de Elorrio”. In Euskaleŕia’ren alde. Revista de Cultura Vasca. XVI. urtea, 273. zka. San Sebastián: 1926.

Lepantoko gudua (1571/10/07) Mediterraneo itsasoan gertatu zen, zehatz esateko Patrás eta Korintoko golkoen artean, izen bereko hiritik gertu. Gerra hori bi itsas flotaren artekoa izan zen: bata kristauek zuzendua eta bestea turkiarrek.

Jaiari buruzko hainbat artikulu badaude ere, 1883an El Noticiero Bilbaíno egunkarian Leon de Capelasteguik argitaratutakoa da zaharrenetako bat. Horrez gainera, ezinbestekoa da Errebonbilloak (Gerediaga Elkartea, 2009) liburua irakurtzea. Iñaki Irigoien Etxebarria folklorista fin nekaezina da egilea. Zalantzarik gabe zehatzena eta luzeena den liburu horretan bai artxiboko dokumentazioko bai argitalpenetako informazioa eskaintzen da.

 

 

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~