Üdak bere leküa larrazkenari üzten düalarik, Xiberoko laborantxak zikloa jarraikitzen dü. Ardiak bortüetarik eraisten dira eta ilea mozten zeie «Bixkarka» egünetan. Ondoko asteetan lehen axuriak artegietan sortzen dira. Alorretan, artoa garatü da hainbat hilabetez eta aski gorritü ondoan, ürrieta eta azaroan üzta bekanikek artoa edo bihiz eta arto-bürüz bildüko düe. Frütatzeetan, larrazkenean sagarrak, perak, gaztainak, intxaurrak eta mahatsa miñabesetan biltzen dira.
Hanitxek pentsatzen badüe ere kiwiak negüko frütak direla, larrazkenean biltzen direnen ber, sasoi honetako frütak dütügüla kontsideratü behar lizate. Hain züzen ere, üdako beroek kiwier ezagützen dügün aspektoa eman ondoan, üdazkeneko gaüko hotzek düe Zelanda berritar frütari sükrea eskeiniko. Aski sükre üken eta, kiwiak biltzeko prest dira!
Kiwi biltzea azaroan gainti igaiten da. Xiberoan ekoizle ttipiak izaitez, üsü familiako aurrideak, lagünak edo aüzoak eskü kaldü baten emaitera horra dira. Jakin behar da kiwi biltzea ez dela hain fisiko, mahats biltzeari konparatüz. Kiwiak xütik ala belaünko biltzen dira eta adarrek ekiaz edo ebiaz babesten düe. Saskietan bildü ondoren, 300 kg -tako kütxa handietan üztartzen dira, traktürren joan jinek lagüntürik. Kiwi herroken artean, biltzaileak xiberoko istoriak kontatzen behatzen ahal dira, edo ere bai kantü zahar eli batzük emaiten. Egün goxoak dira tropikoetan bagine bezala.
Bena hori gabe ez da ahantzi behar urte güzian zühaintzea lantü dela frütaren ükeiteko. Hala nola, lehen lana negüan adarren moztea da. Frütak eman dütüenak lürrealat, eta emanen dütüenak üzten dira. Bedatsean, kimuak emeki emeki elkitzen dira eta erleek polinizazio lana egiten düe. Jakin behar da kiwi arboletan arrak eta emeak badirela. Liliak hartü ondoren, lehen frütak agertzen dira eta hor bekantü behar dira (soberakina elki frütek itxüra ederra eta forma egokia üken dezen). Urte güziko lan horri dela medio dütügü kiwiak kontsumitzen ahal.
Orain düala 50 bat urte agertü direla Xiberotar kiwiak. Hain züzen ere, Akitanian XX. mente erditan hedatü ondoan, bereziki Aturri ibai bazterretan, emeki-emeki Ipar Eüskal Herrialat hüillantü, Xiberoralat heltü arte.
Nahiz eta früta exotikoa izan, Zelanda Berritik ekarririk, Akitania hegoaldeak eskeintzen düan klima früta berde horren ekoizteko egokia da. Kiwiek larrazkeneko eta negüko hotza behar düe, baita ere üdako beroa. Horrez gain, hur kantitateari ez zeio üko egin behar, üdan hanitx hureztatü behar beitira kiwi frütatzeak. Hortako, Akitanian Aturriko hura erabiltzen da, eta Xiberoan Ühaitzako hura bereziki.
Ekoizleak aipatzeko, jakin behar da Xiberoan bostpasei kiwi ekoizle badirela eremüan hedatürik. Oroek kiwi berdeak ekoizten dütie (gorriak eta holliak atzamaiten beitira ere), zonbait laborantza biologikoan ari direlarik.
Iker Uthurralt