Etnografia atalak

0

Egilea: Gabo Punzo. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Baserrietan erabiltzen den segaz ari gara hemen, kodainea izenez ere ezagutzen denaz. Nekazaritzako tresna bat da, bi piezaz osatua: makila edo kirtena, normalean zurruna dena eta astea esaten zaiona; garai batean gaztainondoz egiten zen, eta ondoren lizarrez. Kirtenean, xafla makotu bat txertatzen da, agoa, erreminta manipulatzeko ere balio duena. Bi eskutoki txiki ditu heltzeko. Burdindegietan erosten da.

Belarra mozteko, baserriaren inguruan hazten diren sasiak garbitzeko eta, batez ere, behien jatekoa (ganadu-jatekoa) prestatzeko erabiltzen da. Hainbat belar mota mozten dira horretarako: sekula-belarra, landa-belarra, alpapa… Garia ereiten zenean, laborea ebakitzeko ere erabiltzen zen, nahiz eta antzina igitaiarekin (serrea) mozten zen, eta harekin egindako lana garbiagoa zen. Belarra une egokian moztu behar da, aroa dagoenean, oraindik gehiegi luzatu ez denean, eta pixka bat bustita egon behar du, ahoa hobeto mugi dadin, lehorra dagoenean latz egoten baita.

Egilea: Segundo Oar-Arteta. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Erreminta zorroztu egin behar da, pikau, astean bitan gutxienez, eta ordu erdi inguru eman behar zaio zeregin horri, erabiltzeko prest izateko. Belardira joatean, sega-potoa lotu behar da gerrian, potoa, ur apur batekin zorroztarria bertan sartuta. Noizean behin, segaren/kodainaren ahoa zorroztu egin behar da tresna horrekin, igitaiarekin egiten den bezala.

Etxe bakoitzak bi sega izan behar ditu gutxienez. Segaren erabilerari dagokionez, ez dago alde handirik gizonen eta emakumeen artean; bi kasuetan, pertsona trebeak eta baldarrak daude. Ekinez lortzen da teknika, baina garrantzitsua da arrasean moztea. Zenbat eta beheragotik moztu, orduan eta hobea da emaitza.

Behi-aziendari belar berdea ematen zaio elikagai gisa, baina gaur egun (1990eko hamarkadatik aurrera), Gernika inguruan behintzat, behi kopurua nabarmen jaitsi da.

Moztutako belarra lantzarrean lehortzen utzi, eta lastategian gordetzen zen, sabaian. Gero, fardotan jasotzen hasi zen. Aurrerago, fardotan batu beharrean, bolatan gordetzeko ohitura zabaldu zen, eta, batzuetan, plastikoz biltzen ziren. Belar freskorik ez dagoenean, belar sikua ematen zaio ganaduari.

Beste sega mota bat ere badago, ota-kodainea esaten zaiona, eta mendian erabiltzen da, ganaduaren oherako azpigarria egiteko, edo otea garbitzeko…

 

Segundo Oar-Arteta

Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~