Hemen darabilgun gaia orokorretik zehatzera doa, bakunetik korapilatsura. XVII. gizaldiko idazle ingeles Joseph Addisonek egoki asko zioskun moduan, «koloreak hizkuntza guztietan ditugu, baina (koloreen) hitzak herri edo nazio bakoitzak ditu bereak». Eta euskaldunok ez gara salbuespen saiakeragile britainiarraren esakunarekiko. Izan ere, euskaran koloreak adierazteko hitzen ñabardurak ez datoz beti bat gure inguruko hizkuntzetan hartzen dituztenekin.
Euskaltzaindiaren OEHn (Orotariko Euskal Hiztegia) bilatzen badugu gaur egun euskaraz kolore gorria adierazteko erabiltzen dugun gorri hitza, esanahi nagusiaren ondoan ‘horia’ eta ‘urrekara’ ñabardurak ere ikusiko ditugu (bestelako testuinguruetan, urreaz, ileaz eta abarrez ari garela, dio aipatutako hiztegiak). Baina bigarren adiera bat dago, ‘biluzia’, ‘soila’ dioena, batez ere, hitz konposatuetan agertzen dena (larrugorri ‘pertsona biluzia’, ohegorri ‘izarabako ohea’, aizkorri ‘haitz soila, landarebakoa’. Eta hirugarren adiera bat ere badago, esangura hauek gehitzen dituena: ‘handia’, ‘muturrekoa’, ‘latza’, ‘ikaragarria’ (behar gorria ‘miseria handia’, gose gorria ‘gose latza’, gerla gorria ‘guda ikaragarria’). Gatxa da ñabardura hauek guztiak denboraren lerroan sekuentziatzea, jakiteko zein den jatorrizkoa. Baina antzekotasunak gure hizkuntzan bertan bilatzekotan, badago gorri adjektiboaren antz handia duen beste bat: gori, eta OEHaren arabera, ‘su biziko’, ‘gartsu’ esan nahi du.
Dena dela, Koldo Mitxelenak zaildu egiten digu berba bi horiek zuzenean erlazionatzeko bidea. Izan ere, gori hitza latinaren aurreko mailegu indoeuroparra izan daitekeela iradokitzen digu. Adibidez, irlanderaz fo.geir ‘berotzen da’ esateko erabiltzen da, galeseraz gori ‘txitatu’ dugu, eta Portugalgo gaztelanian gorar ere berdin, ‘txitatu, arrautzak berotu’ esan nahi du.
Guztiarekin ere, gorri berbaren lehenengo adieran agertzen diren esanahietako bat gori da, eta OEHk dioskunez, erabilera hori dokumentaturik dago, iparraldeko autoreetan ez ezik, baita hegoaldeko Kardaberaz eta fray Bartolome autoreetan ere. Halandaze, termino bien arteko paralelismo morfologiko eta semantiko horrek ate bat zabalik uzten digu gorri eta gori hitzak jatorri berekoak izan daitezkeela proposatzeko (ni neu behintzat, hipotesi horren aldekoa naiz). Gainera, gorri berbaren gainerako adiera nagusiak ere (‘soildua’ edo ‘ikaragarria’), semantikoki suaren ondorio lazgarriekin erlaziona litezke, neke handirik gabe, eta horrek eraman gintzake pentsatzera sua egon daitekeela hitz bien arteko intersekzio semantikoaren eremuan. Nolanahi ere den, hipotesi hori planteatzea bat da, eta beste bat gorri eta gori hitzak, jatorri berekoak balira ere, hitz aurre-indoeuroparrak direla frogatzea. Horretarako, ez daukagu behar beste argibide, oraindik orain. Eta berba joko batekin amaitzearren, esango dugu gai hori gori-gori dagoela!
Joseba Santxo Uriarte – Filologo eta ikertzailea
Testua autoreak berak itzuli du