Etnografia atalak

0

Tolosako Santa Klara komentua, 2023. Egilea: Fernando Hualde.

2023ko azaroaren amaieran, Gipuzkoako Tolosa udalerrian lau mende baino gehiago bete ondoren, ateak itxi zituen Santa Klara komentuak, eta han bizi ziren azken lau moja klaratarrak beste komentu batera eraman zituzten. Moja horiek komentua utzi aurretik eta haien laguntzarekin, idatzi hau sinatzen duenak aukera izan zuen klausurako bizimodua zuen erlijio-komunitateari, Santa Klara ordenari (klaratarrak), babesa eman zion komentuko hormen barruan zeuden antzinako piezak zehatz-mehatz inbentarioan biltzeko. Beraz, urte horretan bertan, maiatzetik urrira, ondarearen esparruan esku hartu zen, komentuaren memoria gorde ahal izateko. Horren ondorioz, lau liburu landu eta argitaratu ziren, azken lau mojen oroitzapenak grabatu ziren ahoz, dokumental bat egin zen, eta erakusketa bat antolatu.

Ikuspegi etnografikotik, onartu beharra dago bere bizitza etnografiari eta, bereziki, kultura-ondare immaterialari eskaini dien edonork amesten duen esku-hartze mota bat dela honako hau. Adieraz ditzagun, beraz, Joseba Urretavizcaya argazkilariak ―guztiaren akta fotografikoa egin zuen― eta neronek han aurkitu genituen altxor guztien ezaugarri batzuk.

Hasteko, komentu honekin lotutako etnografia bi zati zehatzetan bereiz daiteke, eta halaxe egin dugu gure azterlanetan; alde batetik, komentuko eguneroko bizimoduarekin lotuta eta erlijio-gaietatik aparte dagoen guztia dugu; eta, bestetik, erlijio-bizimodua bera, Santa Klara ordenako klausurako komentu batekoa, zehazki. Bi gai-multzo horietan, azken lau mendeak baino tarte luzeagoa hartzen duen denboraldi batez ari gara. Lau mendetik gora, erraz esaten da!

Lehen alderdiari dagokionez, San Klara komentuaren inbentarioan jaso diren piezetan oinarrituta, esan dezakegu janzkerarekin lotutako etnografia guztia berrosatzeko aukera izan dugula. Hau da: jantziak egitea, biltegiratzea, irutea (artilea eta lihoa), garbitzea, lisatzea, almidoitzea, izurdurak egitea, etab. Garbiketaren eta higienearen mundua erantsi beharko diogu arlo horri, eta euskal zeramikaren munduan sarraraziko gaituzte bete-betean alderdi horiek (pitxerrak, antoxinak, etab.); antzeko zerbait gertatzen da elikagaiak kontserbatzeari dagokionez ere (askotariko suil eta tinak). Hala eta guztiz ere, alderdi gastronomikoak atal berezi bat osa dezake; ez dugu ahaztu behar emakume horiek baratzea eta fruta-arbolak izan zituztela, bai eta askotariko etxeko abereak ere. Hala, lekukotasun ugaritan ageri da nola hiltzen zuten txerria, edo nola ateratzen zuten eztia erlauntzetatik, nola egiten zuten ogia… Eta tarteka-tarteka gazta egiten zutela ere jasotzen da, edo garagarra erretzen zutela kafea egiteko. Alderdi horiekin lotuta, hainbat pieza gorde dira komentuan. Aldi berean, komentuan gordetzen ziren gauzen artean arakatuz, su baxuko tximiniekiko sukaldeen mundura hurbildu gaitezke, edo ondo baino hobeto ezagutzen zuten medikuntza herrikoiaren mundura nahiz nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako beste alderdi ugaritara.

Azkenik, herri-erlijiotasunari lotutako etnografia dugu, eta pieza ugari gorde dira arlo horretan. Ikuspegi horretatik, oso aberatsa zen Tolosako Santa Klara komentua. Hasteko, liturgiako objektuak eta osagarriak aipatuko ditugu: kalizak, ostia-ontziak, intsentsu-ontziak, nabetak, ur-ardo ontziak, erlikia-ontziak, kustodiak, meza-jantziak, eliza-kapak, dalmatikak, manutergioak, korporalak, estolak… eta beste hainbat eta hainbat gauza, oso antzinakoak eta balio handikoak. Beste atal garrantzitsu bat santuen erlikiena da, eta gehien-gehienek benetakotasun-agiria dute. Hortik aurrera, aurkitu ditugun piezei esker, gehiago hurbilduko gara eskapularioen mundura, detenteetara, hilduretara, “orduen liturgiara”, Aste Santura, “frantziskotar koroara”, “Abenduko antifonetara”, erlijio-irudietara…

Inbentarioan jaso diren komentuko piezetako batzuk. Egilea: Fernando Hualde.

Dena dela, komentu honetako hormen barrenean gordetzen zen ondare-bitxietako bat jada desagertua den pastorelen munduarekin lotutako ondare materiala da: musika eta antzerkiko piezak ziren, Gabon-gauean taularatzen zirenak, eta oso lotuta zeuden frantziskotarren munduarekin (klaratarrak ordena horren emakumezkoen bertsioa dira, nolabait); hau da, antzinako erlijio-instrumentuez ari gara, eta horietako batzuk XIX. mendekoak dira. Laburpen etnografiko hau amaitzeko, gogora ekarri nahi da frantziskotarren ordena eta, hedaduraz, klaratarrena izan zela Gabonetako jaiotzen tradizioa sartu zuena, XII. mendean; horregatik, ez dira harritzekoak komentu honetako jaiotza-irudiak (edo “misteriokoak”), artzainak eta Errege Magoen gurtzakoak.

Aipamen berezia merezi du, bestalde, beste tradizio batek, ezkontza-egunean eguraldi ona egiteko otoitz egin zezaten klaratarrei arrautzak eramatearena, zehazki.

Horri guztiari, azken lau mojen ahozko oroitzapenak gehitu behar zaizkio; izan ere, pieza hauekin guztiekin batera, komentu honen immaterialtasuna gorde eta behar bezala zaintzea ahalbidetu dute. Gure eskerrik beroena baino ezin diegu adierazi moja horiei, beren prestutasunagatik, adeitasunagatik eta maitasunagatik.

Fernando Hualde – Etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~