Etnografia atalak

0

Egun hauei ematen zaien izenari dagokionez, pentsa daitekeenaren kontra, euskaraz erabiltzen dugun kuarta tenpora hori, ez datorkie urtean lau aldiz ospatze horretatik, latinezko feria quarta izenetik baizik. Ikuspegi erlijioso batetik, hasiera baten, hau da erromatarren garaian, Elizak barau eta otoitzerako seinalatzen zituen egunak bezala agertzen zaizkigu kuarta tenporak. Eta feria quarta, asteko egun bat latinez izendatzeko era zen: Igandetik abiatuta, astelehena izango zen feria secunda; asteartea feria tertia eta, horrela, feria quarta hori asteazkena latinez seinalatzeko deitura zen Elizarentzat. Errege egunez egiten zuten apaizek pulpitutik urtean zehar izango ziren jai liturgikoen pregoia, datak zehaztuz: Hausterre, Garizuma, Aste Santua, Pazkoa…, eta horrela gainontzeko festa erlijioso nagusienen egunak. Orduan seinalatzen ziren ‘tenporak’ ere, hasierako eguna, asteazkena, noiz izango zen zehaztuz, horretarako formula bera erabiliz kasu bakoitzean: Feria quarta tempora erit…, eta ondoren bakoitzerako datak ematen zituzten.

Baina tenporek kristautasunaren aurreko garaietan hondoratzen dituzte beren sustraiak. Jatorrizko izaerari dagokionez, tenporak hertsiki lotuta daude denboraren ikuskerarekin —kronologikoa eta historikoa, ez meteorologikoa— landa-eremuko gizarte tradizionaletan, eta bi motatan laburbil daitezke ikuskera horiek: lineala edo zirkularra. Denbora historikoaren kontzepzio lineala da, oro har, gaur egungo gizarteetan gehien erabiltzen dena. Bestalde, denbora zirkularraren ikuspegia zen arruntena antzinateko gizarteen, eta normalean naturan dauden ziklo ezberdinen behaketan du jatorria: urtaroek, izar, astro edo planeten posizio ezberdinak zeruan, etab.

Tenporek, kristautasuna baino lehenagokoak izanik, denboraren kontzepzio zirkular horretatik abiatuta, ziklo bakoitzaren hasieran naturaren behaketa sistematikoko uneak ezartzen zituzten, hurrengo lau hilabeteetan beren nekazaritza-jarduerari aurre hartzeko. Eta, ausartuko nintzateke esatera, baita naturari, aldi horretan onbera izan zekien eskatzeko ere. Eliza katolikoak, zuten sustraitzeaz eta errotik ateratzeko zuten zailtasunaz jabeturik, penitentzia-garai bihurtzea erabaki zuen; kasu honetan, ama-lurrari ez baizik eta Jainkoa deitzen duen izaki gorenari zuzenduta ezarriko ditu egun horiek, aurretik zeuden sasoi beretsuetan mantenduz.

 

Abel Ariznabarreta – Historialaria

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~