Etnografia atalak

0

Rachel Claire.

Orain:

Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi batean bizi naiz, eta, ondorioz, NUEn (nekazaritza ustiategien erregistroan) zenbakia daukat. Goizero, jaiki bezain laster, nire balorizazio energetikorako planta berezia pizten dut. Ekoizpen jasangarriko biomasarekin funtzionatzen duenez, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten laguntzen du eta, beraz, klima-aldaketari aurre egiten dio.

Iturriko ura batzen dut, aurretik, ura biltzeko eta bideratzeko lehen mailako sare batetik igaro dena EUTeraino (edateko uren tratamendutegia); eta, ondoren, etxera iristen zait, PVCzko hodien labirintoa osatzen duen bigarren mailako sare bati esker. Kalitatezko osasun-araudia betetzen duen eta behar bezala kloratuta dagoen ura berotzen dut, bidezko merkataritzako eta ekoizpen ekologikoko kafea hartzeko. Kanabera-azukrea gehitzen diot, ekologikoa hori ere, munduko beste puntatik iristen zaidana, inola ere kutsatu behar ez duen garraio motaren baten bidez, eta hortik, nik uste, ekologikoarena. Katilua eta mahai-tresnak detergente biodegradagarri batekin garbitzen ditut, eta hondakinak saneamendu-sare konplexu batek eramaten ditu HUA bateraino (hondakin uren araztegia). Horrela, gero ur-ibilgura (lehen ibaira) isurtzen duen urak Bruselak, estatuak, autonomia-erkidegoak eta foru-aldundiak ezarritako Europar Batasuneko araudia betetzen duela bermatzen da.

Kafe-hondarrak materia organikoa birziklatzeko edukiontzi marroira botatzeko gorde beharko nituzke, baina landa-ingurunean bizi naizenez, hau da, herrialdearen jenderik gabeko edo hustutako gunean, ongarri gisa aprobetxa daitezkeen animalia-jatorriko hondakin organikoen multzora bota ditzaket (lehen simaurra zena).

Artoa. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Gero, kortara joan eta ardiei jaten ematen diet. Pentsua enpresa batek egiten du, eta ISO araua betetzen du, beti ahazten dudan zenbaki batekin. Nutrologo espezialista batek diseinatu du, eta erabat orekatuta dagoela bermatzen du. Pentsu horren osaera Chicagoko Burtsan ezarritako prezioek zehazten dute, hein handi batean. Etiketan ikusten dut haren osagaien artean soja eta artoa daudela beti, biak izartxo argigarri batekin markatuta. Izartxo horrek osagai biak GEOak direla (genetikoki eraldatutako organismoak) adierazten du, eta horien lote-zenbakia erregistro-liburu batean idatzi behar dudala, jasota gera dadin administrazioak ikuskatzen badu ere.

Lehen:

Baserri batean bizi naiz. Goizean jaikitzen naizenean, lehenik eta behin txapa pizten dut egur txikiz, eta txorrotako ur pixka bat berotzen dut kafea prestatzeko. Ontziak garbitu eta beheko kortara noa ardiei arto pixka bat emotera…

Luis Manuel Peña

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~