Etnografia atalak

53-1-ipad_rojo

Urriaren 26an, blog honek urtebete beteko du. Denbora-tarte honetan, berrogeita hamar testu baino gehiago “igo dira sarera” (orain arte sarea baldin bazegoen, zerbait erortzeko arriskuagatik izaten zen), baina argotean ezin dira horrela deitu, postak baizik. Idazki horiek ia dozena bat eta erdi kolaboratzailek sortu dituzte, baina ezin diet bloggerrak edo blogariak deitu, nitaz barreka hasiko lirateke eta. Gai ugari jorratu dira, horixe baitzen kontua; eta ikuspegi ezberdinak erabili dira, blogari aniztasuna emanez.

Ez dugu ekarpenen balorazioa egin nahi; izan ere, irakurle bakoitzak bere ondorio propioak aterako zituen (Facebooken, gaur egungo zirku erromatar horretan, goranzko hatz batzuk jaso ditugu, eta horrexegatik jarraitzen dugu bizirik). Testu hauen prestaketari buruzko sekretu batzuk baino ez ditugu ezagutaraziko; izan ere, beste kasu batzuetan, testuak ukitu baino ez dira egin, jada prestatuta heldu zaizkigu eta. Ekintza nagusia etnografoak konbentzitzea izan da, orrialdearen hiru laurden idatz zezaten. Oso asmo xaloa da hori; film historikoen zinemagile temati bati publizitate-iragarki bat egiteko eskatzea bezain xaloa. Blogeko sukaldera prestatuta heldu den platerak ondo nahastutako osagai ugari badauzka, konponbidea erraza da: errazio-zati bat kendu, eta ez da ia inor konturatuko. Arazoa zera da: otarrainxka eskatu, eta otarraina datorkizunean. Hortxe hasten da inausketa-lan korapilatsua, otarrainaren itxura mantendu dezan, baina jatorrizko atal guztiak izan gabe. Egoera labaina dakar horrek; izan ere, konparazio lévi-straussiarrari jarraiki, platera gero eta gehiago prestatzen badugu, gutxieneko adierazpenera murriztu nahian, orduan eta sentsazio handiagoa izango du egileak gordin zerbitzatu dela (irakurle edo kontsumitzailearekiko errespetuagatik, ez dugu ezer esango plater arinak eskaintzeko asmo horri buruz, otordu sendoak digeritzeko zailtasunen susmoagatik).

53-2-tanborila_fuego

Garai berriari eta horrek dakartzan aldaketa handiei lotutako arazoak dira. Denbora beharko dugu egoera horretara egokitzeko. Familiako pasadizo bat etorri zait gogora. Nire birraitona nekazari apala zen, eta alaba bat “ondo ezkontzea” lortu zuen, hau da, maila oneko familia batekin. Eztei-bazkariaren egunean, ohi zen moduan, familia berriaren gizarte-maila argi uzteko, entsaladilla errusiarra jarri zuten lehenengo plater berritzaile gisa, eta, jarraian, zizka-mizkak eman zituzten. Hori ez zuen nire birraitonak sekula ikusi, eltzekoak eta plater sendoak jatera ohituta baitzegoen. Otorduarekin harrituta, “ene jainkoa: gordina egotez gain, hotza dago”, esan zuen soil-soilik. Hori da kontua: denbora beharko dugula menu digital berrira ohitzeko. Edonola ere, lehenengo urteurren honetan, urtebetzea ospatzen ari gara, eta ez oroitzapeneko urtemuga.

Eskerrak eman nahi dizkiegu testuak eta ilustrazioak bidali dizkigutenei, baita sarritan testu horiek irakurri, partekatu eta iruzkinak egiten dituzten gainerako pertsonei ere.

Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Bibliografia: Atlas Etnográfico de Vasconia (zortzi liburuki).

Jatorrizko argazkiak: Eulalia Abaitua. Euskal Museoa eta Revista Novedades, 241. zk., 1914. Photoshopeko muntaiak: Idoia Tolosa – Labayru Fundazioa.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~