Diziplina humanista eta sozialen oinarri metodologikoetatik abiatuta, kultura tradizionalaren ikerketa orok datuen iturriak ditu ardatz: idazkiak, irudiak, ahozko oharrak eta informazioak. Agerikoa da ahozko datuek beharrezkoak dituztela pertsonak eta haien testigantzak. Izan ere, beren erregulartasun tematia dela medio, ikertzaileari aukera ematen diote ondorio zentzudunak ateratzeko, analisi kualitatibo konplexuen bitartez. Jakintza kolektiboei buruzko informazio zinez baliotsuak, oso arlo desberdinetakoak: jai-ospakizunak, dantzak, doinuak, kantuak, musika-trenak, jantziak, gastronomia, erritualak, ofizioak edo lanbideak, etab.
Adinean aurrera goazela, zeharka atzerantz begira, ikusten dut adin eta era guztietako ehunka pertsonak eman dutela hainbat gertakari sozialen lekukotza. Familiaren barruan hasita, eta eragin biderkatzailez, pertsona ugarirengana eta haien eremuetara zabalduz joan zen. Hala, eskuzabaltasunez lagundu dute, testigantza-datu garrantzitsuak emanez. Beren familien adeitasunarekin batera, protagonista izan dira hamaika ikerketatan, non haien ekarpen pertsonala estalita edo isilduta geratu den, baina, hala ere, tradizioaren oroimen kolektiboan islatuta, eta haien ezagutzaren eta banaka zein taldeka emandako lekukotzen askotariko ekarpena txertatuta. Beharrezko prozesua, kultura tradizionalaren azterketa edo ikuspegiak berreraiki edo birformulatzeko, hainbat diziplina, metodologia eta teknikaren bidez. Dena dela, ez dugu ahaztu behar informatzaile horien ezin ordainduzko ekarpena. Izan ere, gure lana ahalbidetzen dute, ikerketaren ondorio orokorretan isildutako edo disolbatutako beren ekarpenen bidez.
Asmo altruista, edo, are, terapeutiko hutsarekin egindako elkarrizketa ugarietan, eta mendekotasunaren alorrean nolabaiteko eskarmentu akademikoa dugunez gero, esan dezakegu oroimen kolektiboak, hartzaileari edo ikertzaileari ez ezik, emaileei eurei ere mesede egiten diela, laguntza ematen baitu haien memoria kristaldua lantzeko edo gogora ekartzeko (oroitzapen-teknikak, edo bizitzaren historiakoak), finkatutako eta metatutako jakintzak komunikatzeko egiten dituzten eskariei erantzun edo protagonismo eta autoestimu apur bat hartzeko, haien bizipen pertsonal eta komunitarioei balioa emateko (pedagogia komunikatiboa eta enpatikoa), edo, ezkutuan bada ere, haiek ere kultura tradizionala eraikitzen eta hedatzen parte hartzen ari direla sentitzeko. Ondare ez-ukigarri eta immateriala, zeina, ez dezagun ahaztu, beren errealitateak bizi izan dituzten, bizi dituzten eta biziko dituzten ezin konta ahala pertsonak sostengatzen duten, eta hala adierazi ohi dute haien lekukotza desinteresatu eta hunkigarriek.
Bide eraginkorra, elkarrizketatutako pertsona horien bizimodu tradizional bereziak berreraikitzeko, edo, era inkontzientean, oroimen pertsonalaren (ohiturak, usadioak, abestiak, etab.) sustapenari ekarpena eginez. Hain da nabarmena oroimen kristaldua edo epe luzekoan duten presentzia, kasu horietan indartu egiten baita, berehalako edo epe laburreko esaten zaion beste horren aldean. Horregatik, eta, betiere, arreta handiz eta erabateko errespetuz, aktiboki aditu behar ditugu haien kontakizun interesgarriak (haien hurkoek askotan entzun dituztenak), eta, hala, oharkabean, egoera fisiko, kognitibo, emozional, pertsonal eta sozialean eragin. Protagonista askok, edo haien senideek, adeitasunez eskertu izan digute hori. Doakiela, lerro hauetatik, gure esker onik zintzoena: Bihotz-bihotzetik, mila esker!
Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa