Etnografia atalak

0

Segando hierba para secar en Carranza (Bizkaia), 2017. Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Egun hauetan, Euskalerriko Atlas Etnografikoaren zortzigarren liburukia argitaratuko da, hots, nekazaritzari buruzkoa dena. Aurreko batekin lotura du, hain zuzen ere, abeltzaintzari eta artzaintzari buruzkoarekin; izan ere, bi jarduerok oso lotuta zeuden gizarte tradizionalean. Nekazaritzari buruzko liburukian, belarrari buruzko kapitulu bat dago, eta agian horretan hautematen da gehien lotura hori, abereentzat janaria lortzeko hazten eta zaintzen baita belarra.

Helburu hori izateaz gain, belarrak beste esanahi batzuk ere baditu. Gaur egungo krisiaren aurreko higiezinen boomarekin batera, jende asko iritsi zen landa-eremura: batzuk hirian jaiotakoak ziren eta beste batzuk, berriz, landatik urrun lan-ibilbidea egin ondoren itzulitakoak. Etxe berri bakoitzaren inguruan lorategi bat egiten zuten. Eta hor belarrarekin lotutako desberdintasun handia ikus daiteke, etorri berrien eta abeltzainen artean. Belarra mozteko unea heltzen denean, abeltzainarentzat moztutako belarra bera da garrantzitsuena, jakina, abereentzako janaria baita; alabaina, iritsi berriarentzat, moztu ondoren geratzen denak du garrantzia, hots, ebakitako soropilak, hainbeste ezen belar-hondakinez libratzea gogaikarria izan baitaiteke.

Cortando el césped en un jardín de Lezama (Bizkaia), 2017. Maider Aurrekoetxea. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Baina, azken urteotan, abeltzaintza intentsiboa areagotzen ari denez, bat etortzen hasi dira, harrigarria badirudi ere. Hiritik etorri denak, soropil berde eta leuna lortzeko, xede hori lortzeko gramineo-barietateren bat landatzen du. Abeltzainak, bestalde, errendimendu handia lortzeko, betiko belardiko biodibertsitatea ezabatu eta produkzio handiko gramineo bat edo gutxi batzuk landatzen ditu. Horri heskaiekiko eta zuhaiztiekiko ezinikusia gehitzen badiogu, kolore berde uniformea duten zelaiz betetako paisaia lortuko dugu, hots, hirikumeak lortu nahi duen soropilaren antzeko zerbait. Larre berri horietan, labore bakarrekoak direnez, ez da lorerik hazten eta, ondorioz, beste funtzio batzuk erabat mugatzen dira, esaterako, erleentzat eta beste intsektu batzuentzat elikagaia izatearena.

Gogora datorkit Estatu Batuetako Rachel Carson biologoaren Silent Spring (Udaberri isila) oinarrizko eta erreferentziazko liburua. XX. mendearen erdialdean idatzitako liburu horretan, Ipar Amerikako larreetan pestiziden erabilera arruntak izandako ondorioak salatzen ditu idazleak; hain zuzen ere, ondorio lazgarriak izan zituen jardunbide horrek hegaztien populazioan, haien txioak isiltzeraino, izenburuak iradokitzen duen moduan. Harrituta begiratzen diot belarra besterik hazten ez den larre-eremu zabalez estalitako lurralde honi, eta «lorerik gabeko udaberria» datorkit gogora.

Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~