Euskarazko lor hitzak zenbait adiera ditu; horien artean, garraioa eta zama. Familia batek, hainbat arrazoi zirela medio, auzoen laguntza behar zuenean erabiltzen zen bereziki. Egoera horretan erabiltzen ziren, halaber, toto eta totoaren hitzak.
Norbaiti artaldea osatu edo ugaritzeko premia sortzen bazitzaion, izurri baten eraginez abereak hil zitzaizkiolako, ardi bana eskatzen zien inguruko artzainei, baita haiek berehala eman ere. Oizko mendilerroa inguratzen duten herrietan, bildots-lorra deritzo ardiak emateari. Beste eskualde batzuetan ere bazuten ohitura hori, izen berezirik ez bazuen ere.
Laguntza jasotzen zuenak bazkari, merienda edo afaria eskainiz eskertzen zien laguntza ekarpena egiten zutenei. Lekukotasun batean, lekukoak dio babarrun zuriak eta bakailaoa prestatu ziela emaileei eskerrak emateko. Nafarroako herri batzuetan, axuri-bazkaria esaten zioten gonbit hari.
Hamaika esapide ditugu auzolanari lotuak. Nekazari batek simaur premia zuenean, esaterako, auzokoek berehala eramaten zioten gurdikada bat: sats-lorra edo simaur-lorra. Ordainetan, jan-edanera gonbidatzen zituen onuradunak. Antzeko egoerak gertatzen ziren iratzearekin —ira-lorra— edo abereen azpi edo etzalekuetarako belarrarekin —azpigarri-lorra—.
Era berean, suteak norbaiti etxea kiskaliz gero, auzokoek enbor handi bat ematen zioten, etxea berreraikitzeko: etxe errearen lorra edo zur-lorra zeritzon ekarpen horri. Eta gorpua elizara garraiatzeko laguntzari, berriz, gorpu-lorra.
Ohitura horiek gogoan dituzten azken lekukotasunak 1950eko hamarkadan bilduak dira.
Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Grupos Etniker Euskalerria