Mahats-bilketa, Arabar Errioxako mahastizainarentzat, ikasleari ikasturte-amaierako azterketekin gertatzen zaion bezala, urte osoan mahastiak zaintzen lan egin ondoren, gainditzeko geratzen den azken froga da: xirmenduen inausketa, mahatsondo-enborren aitzurtzea eta azalatzea, mahastiak lantzea, mahatsondoei udako kimaketa egin eta jorratzea, landare-osasunerako tratamenduak ematea intsektuek eta mildiu eta oidio edo errauts beldurgarrien aurka, xirmenduei puntak moztea, aihenak kentzea eta hostoak kentzea… Mahats-bilketa urte osoko lanaren eta kezkaren emaitza dira.
Mahatsak udazkenean biltzen dira, Euskal Herriko nekazaritza mediterraneoko herri guztiak kolorez eta pozez betez. Mahatsondoaren zikloa eta klimatologia erabakigarriak dira mahats-bilketaren hasieran. Lehenik, mahats zuria mozten da, oro har, biura barietatekoa, eta, ondoren, tempranillo (ugariena), garnatxa, mazuela eta graziano barietateetako mahats beltza. Por san Miguel, las uvas has de coger gaztelaniazko esaera zaharraren arabera, San Migel egunaren bueltan jaso behar dira mahatsak. Aurten [2017], mahats-bilketa aurreratu egin da eta irailean izango da, nahiz eta arruntagoa den urrian izatea.
Eguraldiak eta globalizazioa direla eta, gaur egungo mahats-bilketa gure arbasoek ezagututakoaren oso bestelakoa da. Mahats-bilketa aldatu egin da, eta bilakatu. Agian, egokiagoa litzateke mahats-mozketari buruz hitz egitea, mahats-bilketari buruz baino. Antzina, udal bakoitzak erabakitzen zuen noiz hasiko zen mahats-bilketa, udalerri bakoitzeko landa-ikuskariekin batera. Orain, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseiluak eta eskualdeko enpresa-upategi handiek erabakitzen dute. Lehen, mahats-bilketa familian egiten zen, eta senide guztiek hartzen zuten parte (amak eguerdian otar batean janaria eramaten zien senarrari eta seme-alabei, eta denek landan bazkaltzen zuten); eta, orain, besteren konturako langileek egiten dute: ijitoek eta Magrebetik eta Portugaletik etorritako langileek.
Mahats-mordoak eskuz urguiluekin (esku-igitai txikiak) eta artaziekin moztu ordez, mahats-biltzaileen makinaria modernoarekin biltzen hasi dira. Jada ez dituzte mahats-mordoak sorbalda gainean otar astunetan ateratzen, baizik eta mahats-ateratzailean traktorearekin. Mahatsa atoi handietan garraiatzen da; zaldiek tiratako gurdietan eta orgetan eramaten ziren konporta izeneko zurezko ontzi handiak iraganeko gauzak dira. Beste garai batzuetako mahats-bilketaren zentzu erromantiko eta bukolikoaren ordez, gaur egun, lanaren merkataritza- eta irabazi-zentzua dira nagusi. Hori dela eta, mahats-bilketa mahats-mozketa bat baino ez da.
Arabar Errioxa Euskal Herrian hegoalderen dagoen eskualdea da, bai eta mediterraneoena ere. 13 300 ha mahasti ditu: urtean 89 milioi kilo ekoizten dute, eta haietatik 76 milioi litro ardo paregabe ateratzen dira. Datorren irailaren 17an, Iekora herrian, Arabar Errioxako Mahats Bilketaren 24. Festa ospatuko da. Ibiltaria da, eta urtez urte Arabar Errioxako udalerri eta Administrazio Batzorde guztien artean txandakatzen dira. Festa-programazioa zabala eta atsegina da: mahats-bilketaren pregoia izaten da, herri guztiek mahatsa zapaltzen dute, jendea udalerri guztietako upategien postuen artean ibil daiteke haien ardoak dastatuz, dantzak, herri-bazkaria, kirolak, haurrentzako jolas-parkea…
Eusko Jaurlaritzak 2014an monumentu-multzo izendatutako Arabar Errioxako Ardoaren eta Mahastiaren Kultura Paisaiaren zati da mahats-bilketa. Mahasti (vid) eta ardo (vino) hitzen gaztelaniazko ordainak vitis eta vinus latindar hitzetatik datoz, eta latindar hitz horiek lotura estua dute vita “bizitza” hitzarekin. Hori dela eta, greziarrentzat Dionisio eta erromatarrentzat Bako izan ziren landarediaren eta ardoaren jainkoak, zoriontasunarenak, bizitzarenak eta mahats-bilketarenak.
José Ángel Chasco – Etniker Araba – Etniker Euskalerria Taldeak
Informazio gehiago eskuratzeko, Atlas Etnográfico de Vasconia lanaren Agricultura (prentsan) liburukia kontsultatu daiteke.