Etnografia atalak

0

Arrigorriaga, Ugao, Arrankudiaga, Orozko, Laudio… herrietan «maialen» izenaz izendatzen zen maiatzaren lehenengo eguna. Beste hainbat tokitan, «maiazlen» izena zuen eta, agerikoa denez, horien bien atzean, «maiatz lehen» formula dugu.

Egun berezia zen eta ez dakigu zehazki zeri zor zitzaion berezitasun hura. Gainera ez dago argitzeko modurik ohitura hori erabat ahaztua dugulako. Baina dokumentatutako herri-sinesmenei esker jakin badakigu oso egun berezia zela, esanguratsua osasuna zaindu nahi zutenentzat, prebentziorako eguna zelako. Laburki azalduta, egun horretan esnea edan behar zen edo, herrien arabera, urdai errea jan buruko mina eta sarna ekiditeko.

Zergatik? Ez dakigu. Baina hora hor gure proposamena. Udaberia izaten zen urteko gabezia handieneko unea, negurako metatutako elikagaiak amaituta edo amaitzear zeudelako eta, eguna luzea bazen ere, oraindik naturak ez zuen jan-beharra asetzeko ezer ekoizten. Dena zegoen heldu bidean, egitasmoan, baina sabelean, ezer ere ez. Haren lekuko, «Kukua etorri, gosea etorri…» esaera zaharra.

Baina, aldi berean, umealdiekin, etxe-abereak esnea ematen hasiak ziren eta hori zen gosea kentzeko zegoen baliabide hurbilen, osatuen eta… ia bakarra.

Seguru tripa-zorriak baretzeko pikarokeria apur bat ere badugula ohitura honen atzean eta aitzakia bihurtuko zen desiratutako esne haren zurrutada bat edan ahal izateko.

Baina ikus ditzagun zehazkiago gaur egun zeharo galduta dauden ohitura horien erreferentziak. Batez ere, R. Mª Azkue (1864-1951) hizkuntzalariari zor dizkiogu.

Bat, argigarria da, oso, eta Mundaka aldean jaso zuen:

Maiatzaren lenengo egunean eznea artzen dabenak ezeidau urte osoan buruko minik izango. Horregatik esan oi da “Maialen eguna, esne-eguna”».

Badakigu bestetik, autore berak bildu izanagatik, Laudio herrian ohitura hori ere oso erroturik zegoela baina, kasu honetan, sarnari aurre egiteari begira. Eta harago zihoazen oraindik: esnerik ez edukitzekotan, nola edo hala lortu behar zen erritua bete ahal izateko:

«Maiatz-lehen egunean etxean esnerik ez badago, ekarri egin behar da eta guztiak jan [edan] behar dabe, inori sarnarik etorri ez dakion». Laudioko hau, Arratian eta Diman jasotako informazioekin bat dator. Beraz, hedatu samar egongo zen.

Arestian esan bezala, maiatz hasieran ugaria izaten zen esnea: «Maiatzean, txindurria ere esnedun izaten da» jaso zuen Arrankudiagan. Bestetik, kalitate onenekoa zen: «Maiatzeko esnea, urte guztirako gaztaiak egiteko onena da» batu zuen berriz ere Laudion.

Baina ez zen soilik esneetara mugatzen maiatzaren leheneko jakien ahalmen miresgarria, urdai errea ere han-hemenka agertzen zaigulako hizkuntzalari lekeitiarraren oharretan.

Esate baterako, umeen koskortze osasuntsuari erreferentzia eginez, honako hau jaso zuen Gorozikan: «Maiatz-lehenez urdai errea janez gero, zuri eta beilegi eta eder izango da mutila nahi neskatoa».

Ez ahaztu, beraz, maiatzaren 1ean, maiatz lehenean, langileen eskubideak aldarrikatzeaz gain, badugula zer eta nola ospatu, elkarretaratzeetara joan aurretik, esne zurrutada bat edanez. Egungo soldata zitalekin ez dugu sakelan dirurik izango baina, behinik behin, urte osoan buruko minik ez. Ez da kontu txikia…

 

Felix Mugurutza

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~