Etnografia atalak

0

Egilea: Felix Mugurutza

Igokunde-eguna erreferente handia izan zen gure arbasoen egutegian.

Kristautasunaren logikaren arabera, Pazko-domekatik berrogei egunera izaten da, eta dizipuluak begira zituela Jesukristo zerura igo zenekoa gogoratzeko ospakizuna da.

Ingurune profanora eramanda, Igokundea da ekinokzioarekin eta udaberriaren etorrerarekin hasi zen aldi jakin baten amaiera, hain zuzen ere, belardiek, basoek eta soroek une gorena erakusten duten unea. Gainera, ereiteko garaia zen.

Hori dela eta, erritual batzuk aktibatzen dira, intentsitatez beteak eta herritarren parte-hartze handikoak, uztak galaraziko eta biziraupena bera arriskuan jarriko lituzketen kalte eta lehorteak saihesteko. Eta Jesukristo zerura igo zela ospatzen denez, zeruari soroak euriaz bedeinka eta bizitzaz bete ditzan erregutzeko aukera onena da, “maiatzeko ura” bezain onuragarria bailitzan.

Igokundearen eguna ostegunetan izaten da beti, eta normalean maiatzean, aurten bezala, 2024an, hilaren 9an ospatuko dugulako.

Baina oraingo honetan gehien interesatzen zaizkigunak errogatibak dira, aurreko hiru egunetan herri guztietan ospatzen ziren erritualak: aurten maiatzaren 6, 7 eta 8a izango lirateke.

Prozesioan herriko hainbat lekutara joaten zen, beren-beregiko bide batzuetatik, «Jainkoari lurreko ondasunak gorde ditzala eta zigor zein zorigaitzetatik libre egoteko grazia eman dezala eskatzeko». Bestela esanda, soroen zein biziaren beraren emankortasuna babesteko.Zoritxarrez, herri bakoitzak berezkoak zituen xehetasun, ibilbide, barauskarri… guztiak ahanzten ari zaizkigu. Hortaz, ahozko testigantzak jasotzea premiazkoa da.

Laudion, ondo gogoan dute oraindik zaharrenek. Baina Abilio Benitok 1936an Barandiarani eman zion informazioan daukagu erreferentziarik zehatzena [jatorrizkoa gaztelaniaz]: «Aurreko hiru egunetan errogazio-segizioak irteten dira baseliza gehienetara. Astelehenean, Santa Luziara; martitzenean, Santa Agata eta San Joanera eta eguaztenean San Bartolome (herriko lehenengo parrokia) eta Santa Kurutzera.

Ohiturazkoa zen Udalbatzaren ordezkariren bat errogazio horietara joatea:
eta hura (Udala) zen apaizaren eta bertaratu ohi ziren beste batzuen gosarien gastuak bere gain hartzen zituena.

[…] Santa Agataren baselizara igotzeko erabiltzen duten bidea, gutxienez, ez da ohikoa, bide berezi bat hartzen dute, tradiziozkoa; beste batzuetan, bide berbera izaten da».

Bertoko dokumentazioari esker dakigu 1784ko maiatzean honako hau agindu zela, eta, datei erreparatuta, errogazioekin batera ere izan zitekeen: «urtero-urtero, artoa ereindakoan, Arraño mendira igo daitezela, orain hona legez, soroak oro bedeinkatzeko».

Berriz ere errogazioei helduta, laudioar zaharrenek gogoratzen duten legez, baselizetatik irtetean, barauskarri bat jasotzen zuten opari; Santa Luzian, garrantzitsuena izaki, arrautza-irinetan egindako bakailao xerra bat eta irasagarraz lagundutako gazta ematen zieten. Jakina, ardo-zurrutada ere ez zen falta. Baseliza xumeagoetan, ostera, San Joanen, esaterako, galleta batzuk eta “San Roque” ardo kinadun apur bat ematen zieten.

Bestalde, bazen herri-sinesmen bat, oraindik memoriatik ahaztu barikoa. Haren arabera errogatiben aste hartan ezin ziren indabak erein, ez ei zirelako haziko.

Iragan hurbileko kontuak, ezinbestean, ahanztura aseezinak irentsiko dituenak. Tamalez…

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~