Aurtengo negua gurean oso euritsua izaten ari dela ikusita, kondaira bat etorri zait gogora; hain zuzen ere, 1997an jaso zuten, Oiz mendiaren inguruko herrietako artzainei egin zitzaien galdetegi luze batean. Jakina da larreentzat eta lurrarentzat ez direla onak ez gehiegizko euriak, ez gehiegizko eguzkia.
Euriak asko irauten badu, arazoa sortzen da; izan ere, ardiek ezin dute ukuiluan luze egon, urduritu egiten baitira eta, gainera, janari lehorra ematea garestia da.
Crispín Arregi artzaina Bernagoitia auzoko (Zornotza) Betzuen baserrian jaio zen, baina Justa Oregirekin ezkondu zenetik Garaiko Arria baserrian bizi da. Hark azaltzen duenez, jendeak kontatzen zuen urte batean oso martxo euritsua egon zela eta artzain batek hilabetea honela madarikatu zuela: Marti kakatsu juen dok!.
Baina, jakina, hurrengo urteko martxoa heldu zen eta, egindako madarikazioaz mendeku hartzeko, hilabete horrek ahariak eta lau ardi akabatu zizkion.
Beste artzain batek ere hitz gogorrak esan zizkion martxoari, kexatzeko arrazoiz, gainera, eta martxoak artalde osoa hil zion, aharia izan ezik.
José Miguel Barandiaranen lan etnografikoetan lagundu zuen gizon batek, Francisco Etxeberriak, antzeko kontakizuna jaso zuen Andoainen, XX. mendearen hasieran. Kontatzen zutenez, zera esan zuen artzain batek: A, martxo, martxo! Jun zera txartxo, baño halare nere ardi txarrenak aixa egiten dio errekari salto. Orduan, martxoak egunak lapurtu zizkien otsailari eta apirilari, eta artalde osoa ito zen, azkenean. Ziotenez, horregatik ditu otsailak gainerako hilabeteek baino egun gutxiago.
Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria taldeak