Etnografia atalak

0

Ahozko memoria batzeko prozesuan, badakigu argazkiek, eguneroko objektuek eta gutunek oroitzapenak piztu ditzaketela, banakako eta taldeko memoria martxan jartzen duten tresnak diren aldetik. Elementuon eta oroitarazteko duten gaitasunaren bidez, behatzen duenak, espazio eta denbora jakin batean jasotako historiak orainera ekar ditzake, baita oroitzapenok gure eguneroko memorian ez daudenean ere.

Hain zuzen ere, Lizarrako San Jeronimo adinekoen egoitzarekin elkarlanean sustatutako “Memoria Anclada-Memoria Ainguratuta” proiektuaren esperientziaren emaitza dira hausnarketa metodologiko hori eta beste batzuk. Han, zenbait saiotan, zentroko hamar egoiliarrek ahotsa eman diete eurentzat esanahi berezia izateagatik hautatutako zenbait argazki eta objektu pertsonali. Beren familiaren zuri-beltzezko irudia, nekazaritzako makinak iritsi aurretik larrean erabiltzen zuten tresna edo alaba batentzat jositako oihalezko panpina aurrez aurre izatean, beste garai bateko bizitza eta ohiturak –memoria kolektiboa– deskribatu dituzte, baina, halaber, bizitza-historia bat –banakako memoria– ehundu ahal izan dute. Gogoratzeko ariketa zaila da, eta emozioz, isilunez, loturaz eta desadostasunez beteta egoten da. Horregatik, jardun etnografikotik aktiboki entzuten duenak ariketa horren mugak ulertu eta errespetatu behar ditu.

Parte-hartzaileetako bati memoriaren giltza ematen. Iturria: Labrit Ondarea

Gizakion memoria da ikasitako informazio bat edo bizi izandako gertakari bat batu eta puntualki berreskuratzeko funtzioa eta gaitasuna. Ahozko memoria batzeko gure zereginaren barruan erabiltzen ditugun metodologiak, esaterako, ikus-entzunezko formatuan interpretatutako argazkiak, behar bezala egokituz gero, memoriaren giltza bilakatu daitezke argazkion protagonistentzat; izan ere, haien eskuetan egonik, aukera ematen dute pertsona horien oroitzapen eta bizipenetara etengabe jotzeko. Hain zuzen, gerta daiteke gaur oroitzapenak argi eta garbi ekartzea gogora, baina, sarritan, desagertu egiten dira: batzuetan, pixkanaka, ia konturatu gabe, argazki gainean agertzen den baina elementu garrantzitsuenak ikusten uzten digun patina horren moduan; beste batzuetan, bat-batean joaten dira, eta ezezagun bihurtzen dira ordura arte erraz identifikatzen ziren aurpegi eta tokiak.

Horregatik, jabeek eta jabeen baimena dutenek erabil ditzakete giltza hauek, gure esperientziaren txoko guztietara heltzeko tresna paregabeak diren aldetik. Hala, banakako zein taldeko memoria bihurtzen dira, aldi berean.

Beraz, oroitzeko ariketaren emaitza etnografiko hori, kasu honetan, adinekoen egoitza bateko egoiliarren esku geratu da, eta aukera emango du askotariko aplikazio terapeutikoetan erabiltzeko, adibidez, narriadura kognitiboa dagoenean, baina baita pertsonek beren iragana oroitzeko eta ariketa hori taldean partekatzeko ere. Izan ere, memoria iraganaren babesa da, baina, aldi berean, orainari zentzua ematen dio eta etorkizuna argitzen du.

Ane Etxarri – Antropologoa Labrit Ondarean

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~