Etnografia atalak

0

Mokozabalak. Argazkia: Bird Center.

Hegaztien migrazioa klimatologiarekin eta meteorologiarekin estu lotuta dago, horrek baldintzatzen baitu urtaro bakoitzean izango dituzten elikagaiak.

Europako iparraldean umatzen diren hegaztiek fasekako bidaia hasten dute udazkenean, Europako eta Afrikako gune epel eta beroetara joateko. Bertan, elikagaiak edukiko dituzte neguan.

Neguaren amaieran, egunak luzatu egiten dira eta udaberriaren hasiera iragartzen dute. Hortik aurrera, hegaztiak iparraldera bueltatzen dira berriro. Milaka hegaztik Europako iparraldeko uda labur baina emankorra aprobetxatzen dute kumeak hazteko; izan ere, intsektu, fruitu eta harrapakin ugari daude bertan uda osoan.

Hala ere, bidaia hori ez dute halabeharrez egiten. Hegaztiek aldeko haizeak eta eguraldi ona bilatuko dituzte migrazioa egiteko; batez ere, gauez bidaiatuko dute, haizeak bultzatuta eta izarrek eta lurraren magnetismoak gidatuta.

Bidaia horretan, erreserba energetikoak ahalik eta ondoen erabiltzen dituzte, eta migrazioaren erritmoa egoera meteorologiko gogorretara (ekaitzak, aurrez aurreko haizeak, euri biziko fronteak eta hotz boladak) egokitzen dute. Hain zuzen ere, egoera horretan jaisten dira hegazti multzoak lurrazalera, babesa bilatzeko asmoz, bidaiatzen jarraitzeko egoera meteorologikoak hobetzeko zain.

Hegazti guztiek ez dute era berean migratzen. Hegazti askok gauez bidaiatzeko ohitura dute; izan ere, harrapariak saihesten dituzte, eta, gainera, haizea leunagoa eta egonkorragoa izaten da. Eguna, aldiz, elikatzeko eta energia aurrezteko erabiltzen dute. Horretarako, aldeko haizeak bilatuko dituzte hainbat altueratan. Hegazti batzuek lurrazaletik gertu egiten dute hegan; beste batzuek, aldiz, 9.000 m-ko altuera har dezakete, troposferako mugetatik gertu, eta radarraren bitartez soilik antzeman daitezke. Beraz, begi bistaz hautematen ditugun hegaztiak benetan dauden guztien kopuru txiki bat baino ez dira.

Migrazio ereduak

Hegaztien migrazioaren fenomenoa aspaldikoa da. Hegaztiek distantzia handiak denbora laburrean egiteko gaitasuna dute, eta, horri esker, urtero bidaiatzen dute, dauden tokian daudela, baldintza klimatologiko hobeen bila. Era horretan, Europako iparraldetik eta ekialdetik datozen hegaztiek hego-mendebaldera doazen haizeak bilatuta migratzen dute; haize horiek hegaztiak garraiatzeko uhal erraldoia ematen dute. Kontinenteen arteko bidaia luze horretan, egoera meteorologikoa aldakorra da, eta horrek hegaztiak bat-batean oso baldintza zehatzetan sartzea dakar. Abuztuan eta irailean hegoaldeko haizeek moteldu egiten dute migrazioa, eta hegazti askok baxuago hegan egin behar izaten dute.

Ekaitzek, halaber, etzalekuetara bultzatzen dituzte migrazio-hegaztien taldeak, eta bertan hartzen dute atseden, atertu arte. Hegazti batzuk, elaiak esaterako, hurbileko ekaitzak aurreikusteko gai dira, eta aldi baterako aterpea bilatzen dute.

Udaberriko migrazioan, hego-mendebaldeko haizeak erabiltzen dituzte hegaztiek Europako iparraldeko ugaltze-kolonietara itzultzeko. Hala ere, jarduneko iparraldeko fronteen eraginak lurrazaleraino jaistera behartzen ditu hegazti asko; izan ere, aurrez aurreko haizeei aurre egiteak energia-gastu handia ekarriko luke. Beste hegazti talde batzuk atmosferako goi-geruzetara igotzen dira haize egokiagoen bila, eta bidaia gelditu gabe egin ahal izaten dute.

Antzarak. Argazkia: Bird Center.

Gure lurraldean eragin handiena duen fenomeno meteorologikoetako bat neguko hotz boladak dira. Hegazti askok negua Europako erdialdean ematen badute ere, Errusiako eta Eskandinaviako estepatik datozen haize izoztuek eragindako muturreko hotzak kontinentearen iparraldea eta erdialdea jotzen ditu, eta, ondorioz, elikagaiak desagertu egiten dira aldi baterako.

Neguan, hegazti horiek ez dute koipe-erreserba nahikorik Afrikaraino migratzeko, eta, beraz, gune hurbilagoetan bilatu behar izaten dituzte elikagaiak. Horrek hegoalderako ibilbide laburreko migrazioak sortzen ditu, eta, hortaz, hegazti talde handiak bat-batean sartzen dira gure hezeguneetan, elikagaien bila.

Une horretan, Bizkaiko Golkoa babesleku klimatologiko bihurtzen da, Kantauri itsasoaren eragin erregulatzaileari esker, eta Europako hegaztiek elikagaiak eta babesa aurkitzen dituzte bertan, hotz boladak dirauen bitartean.

Kasu horietan guztietan, hezeguneak estrategikoak dira, ur-hegaztiek lotura estua baitute ingurune honekin. Baldintza klimatiko txarretan, hezegunerik egon ezean hegazti asko hil egiten dira, eta, askotan, migrazio-bideak aldatu behar izaten dituzte, gastu energetiko handia sorraraziz.

Bizkaiko golkoa Europako hegazti migratzaileentzako pasabide garrantzitsua da. Euskal Herriko hezeguneak beraz, eremu estrategikoak dira hegaztientzako, babesa eta elikagaiak eskaintzen dizkiete ingurumen baldintzak egokiak ez direnean.

 

 

Edorta Unamuno

Bird Center

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~