Etnografia atalak

0

Egilea: Mikel Goñi.

Ohikoa izaten da komunikabideetan edota sare sozialetan irakurtzea Mexikoko rantxerek Euskal Herrian duten arrakastari buruzko iritziak. Azken aspaldian, bereziki ETB1eko Oholtza saioaren harira, ez dira gutxi ironiaz eta sarkasmoz josiriko txioak eta iruzkinak.

Adierazgarriena, ordea, saio horrek duen audientzia altua da. Euskal Herrian Mexikoko musika rantxerak duen arrakastaren adierazpena bertzerik ez baita.

Aunitz dira, mariatxiarekin edo gabe, ‘musika mexikartzat’ jotzen dugun hori eskaintzen duten bertako abeslariak eta taldeak. Horietako talde bat, Tenampas taldea hain zuzen ere, musika mota honek gure artean duen arrakastaren zergatiaren bila dabil. Arrazoi horien peskizan jarri du Labrit lantaldearen aholkularitza saila.

Lehenik eta behin, argitu beharra dago guk ‘Mexikoko musikatzat’ jotzen dugun hori, berez, Mexikoko iparraldeko eskualde batzuetan duela ehun urte luze sortutako musika eta kantu korrontea dela. Ez da, berez, ‘Mexikoko musika’, naiz eta garai hartako botere politikoak, Porfirio agintariaren izenari jarraikiz ‘Porfiriatoa’ deitu izan zenak, nazio-musikaren proiekzioa eman nahi izan zion eta, hein handi batean, lortu zuen Mexikotik at horrela jasoa izatea.

Mexiko ezagutzen duen edonork jakin badaki bertako dibertsitate kultural eta linguistikoa ez dagoela musika bakar batekin ordezkatzerik. Zerbait izatekotan, ezberdina, anitza eta ugaria baita, kolonizazioa eta konkista espainiarra baino lehenagoko kultura aunitzek, oraindik orain, nekez, baina zorionez, bizirik baitiraute.

Hala ere, Euskal Herrian arrakasta ukaezina izan du Mexikon sortutako ‘rantxera’ musika horrek. Arrakasta hori, gainera, belaunaldiz belaunaldi mantendu da azken hamarkada luzeetan.

Hasiera batetik aztertu beharko diren hipotesien eta lan ildoen artean ageri zaizkigu:

—euskal emigrazioaren eragina; hau da, Mexikora bizitzera joandakoak itzulitakoan zer puntura arte ekarri zuten haiekin musika honenganako zaletasuna

—kanturako zaletasuna eta kantu mota honenganako hurbiltasuna Euskal Herriko kantuzaletasunaren korronte edo joera ezberdinetan (jotak tarteko)

—bertan egin diren rantxera musikaren eratorpenak, gureganatzeak, garapen propioak… (NaparMex, euskarazko rantxerak…)

Tenampas taldeak eskatu duen txostenak iturri bibliografikoen azterketa eskatzen du, baina, bereziki, Euskal Herriko hiri eta herrietako belaunaldi desberdinen zaletasun eta atxikimenduen arrazoien bilaketa eta alderaketa sakona.

Inolako ondoriorik aitzinatu nahi izan gabe, galdera zehatz batek irudika diezaguke aurkitu nahi den erantzunaren zioa: zerk bultzatzen du Jaurrietako hogeita bat urteko gaztea bere koadrilarekin autoa hartu eta Oibarrera joateko larunbat iluntzean musika mexikarra eskainiko duen taldea entzutera? Eta bigarren galdera erabakiorra: zergatik egin dezake topo Oibarren, emanaldian bertan, bere gurasoekin?

 

Gaizka Aranguren Urrotz – Memoriaren eta Ondare Immaterialaren balioztatzean doktorea. Informazio Zientzietan lizentziaduna. Labrit-eko zuzendari nagusia

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~