Etnografia atalak

0

Seintzaina. Felipe Manterolaren Funtsa. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Garai batean baserri fuerte batzuek morroia izaten zuten soroko eta kortako lanetan laguntzeko. Hiriko burgesiakoen etxeetan ere ohikoa izan zen emakume edo zerbitzari batek etxeko lanak egitea. Bat baino gehiago ere egoten ziren: sukaldaria, ume-jagolea (aña)… Familia goi mailakoa bazen, kriada uniformez janzten zen. Batzuek txoferra ere bazuten, mekanikaria deitzen ziotena, lorezaina eta abar.

Gernikaldean, normalean, morroiak ingurukoak izaten ziren, edo alboerrietakoak. Erdi mailako etxeetan, gehienetan, zerbitzariak familiako egiten ziren, eta gehienetan etxekojaunaren eta morroiaren edo etxekoandrearen eta kriadaren arteko harremanak onak izaten ziren.

Mutilak baserri apaletan bilatzen ziren soldaduska egin baino lehen. Izan ere, halako baserriak ziren ugarienak eta eskulanerako jenderik gehien zeukatenak. Soldaduska egin ondoren, batzuk aurretik lan egindako etxera edo familiarenera itzultzen ziren; beste batzuk, berriz, beste lan bat hartzen zuten.

Berriemaileek diotenez, familia pobreetako seme-alaba batzuek hiru aukera zituzten: Ameriketara emigratzea, seminarioan edo kongregazio erlijioso batean sartzea –aberatsen batek emandako bekekin–, edo morroi gisa zerbitzatzea.

Batzuetan umezurtzak (kajakoak) hartzen zituzten. Halakoetan, lan egingo zuten familian gizonezkoak egonez gero, neska bat ekartzen zuten; eta neska asko zeudenean, mutikoa, soroko lan gogorretan laguntzeko.

Berbaz egiten zuten tratua, lanaren truke jana, ostatua eta jantzi batzuk emateko. Berriemaile batek adierazi digunez, sukaldean txerrikiak zintzilikatuta egon arren, ezkatz-buru ederra, morroiak jateko eskasa izaten zuen, gosaltzeko sardina zahar bat taloarekin, kasurako. Morroiek euren etxean jartzeko alde egiten zutenean, jabeek diru pixka bat ematen zieten. Eta beste morroi bat kontratatuz gero, aurrekoak irakasten zizkion etxeko lanak: ganadua gobernatzen, erasten eta abar.

Auzoko etxe bateko umeak zaintzen zituzten neskak, seintzainak, nerabeak izaten ziren, 15 edo 16 urte bete arterainokoak. Berriemaile batek dioenez erromerijen hasi bakoak. Jatekoa eta diru pixka bat emanez ordaintzen zieten, eta gauez euren etxera joaten ziren.

Garai batean, kriada euskaldunek ospe ona zeukaten, leku batzuetan vascongadas izenez ezagutzen ziren. Gaur egun, Hego Amerikakoak edo Errumaniakoak dira gehienak, eta haurrak edo adinekoak zaintzeko kontratatzen dira.

 

Segundo Oar-Arteta

Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak

 

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~