Etnografia atalak

0

Markaidako eskota, 1950eko hamarkada. Mungiako Udalaren Argazki Artxiboa.

Udarekin batera herrietako jai nagusietan murgiltzeko ordua iritsi zaigu, baita ermitetan eta auzoetan egiten diren jaietan ere. Orain dela hamarkada batzuk arte, ohikoa zen auzoetako mutil gazteek, taldean elkartuta, jai horien antolakuntzaz eta prestakuntzaz arduratzea.

Kontu hori berbagai hartuta, gerra zibilaren ondorioz Bizkaiko herri askotan galdutako tradizioa ekarri nahiko genuke gogora: zaragi-mutilak izenekoena, hain zuzen ere. Uribe inguruan, eskota esaten diogu, eta Mungialdean, Atxuri, Belako, Billela, Elgezabal, Iturribaltzaga, Laukariz, Markaida eta Trobika auzoetan, bereziki, XX. mendearen erdi aldera arte mantendu zen. Gaur egun, ostera, usadioa ia guztiz galduta dago, eta atxuritarrek eta trobikatarrek baino ez dute gordetzen.

Atxuriko eskota, 1932. Mungiako Udalaren Argazki Artxiboa.

Eskota domekaz egiten zen, gehienetan. Horretarako, adinez nagusiak ziren auzoko mutilak elkartzen ziren. Hemezortzi urte betetzean taldean sartu, eta harik eta ezkondu arte parte hartzen zuten.

Janzkera berezia zuten egun horretarako: mahonezko prakak, alkandora zuria, brusa, loredun painelu handia lepoan, eta lorez eta koloretako zintaz apaindutako lastozko kapela buruan. Idi-uztarria eta gurdia errama eta lorez dotore-dotore jantzi eta hirira joaten ziren. Batzuetan, auzoko baserri, ermita edo errotaren bat irudikatzen zituzten maketak ere eramaten zituzten gurdi gainean. Eta gerora, inoiz, neskak ere parte hartzen zuten.

Ibilbidea jai-giroan egiten zuten, soinu eta pandero, edota txistu eta danbolinaren laguntzarekin. Bidean bolanderak botatzen zituzten.

Laukarizko eskota. Mungiako Udalaren Argazki Artxiboa.

Hiribilduan, alondegira joan eta jaietarako ardo-zahagia erosten zuten. Gastuak eurek ordaintzen zituzten, euren poltsikotik, eskotean. Izan ere, izena hortik datorkiela uste dugu.

Ondoren, hiriko asiloa bisitatzen zuten, eta bertakoei ardoa, diru pixka bat eta beste oparitxoren bat ematen zieten, baita dantza pare bat eskaini ere.

Auzora itzultzean, zahatoetan banatzen zen ardoa festara joaten zirenen artean. Gazteek gainerako auzotarrei egiten zieten gonbita zen.

Atxuriko eskota, 2016. Jorge Otegiren kortesia.

Kontuak hurrengo igandean egiten ziren, bakoitzak eman beharrekoa zehaztuz. Alondegira itzuli eta ordainketa egiten zuten. Gero, zerbait hartu eta jaten zuten taberna batean.

Azken urteotan, idi-gurdia alde batera utzi den arren, Atxuriko bizilagunek auzoko motiboak irudikatzen dituzten maketa handi eta zainduak eraikitzen dituzte oraindik ere.

Akaitze Kamiruaga – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Informazioa autoreak Mungian 2011n egindako landa-lanean batutakoa da. Ikerketa horren emaitza liburu honetan argitaratu zen: Mungia: bizimodua eta ohiturak. Mungiako Udala – Labayru Ikastegia, 2012.

Informazio gehiago gura izanez gero, begiratu Josu Larrinagaren “Perspectivas modélicas de agrupaciones festivas en Bizkaia” in Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía. Fiestas, rituales e identidades, 26. zk. 2006, 101.-119. or.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~