Naturak (haren alde bizigabe begetalak) eta gizakiek duten harremanik zuzenena, eta, zalantzarik gabe, bizi-balio handienekoa, gure eremuan eta bazterrean utzita ikus-entzunezkoen eta bitarteko digitalen bidez egunero jasotzen dugun informazio-oldea, iraganaren parte da ia-ia, baina badakigu zer geratzen zaigun oraindik, eta zer neurritan aldatu den haren esanahia.
Gainbegiratu labur hau loreetatik has dezakegu. Esaterako, San Joanekoetatik. Tipula, arto, gari, gerezi eta beste belar batzuekin batera, elizan bedeinkatuko ziren sortak (sortie) egiteko erabiltzen ziren, eta, ondoren, etxeko atean edo leihoan jartzen ziren, santuaren egun berean. Honezkero, nekez ikus ditzakegu sorta horiek. Sarritxoago, berriz, karduaren lorea edo eguzki lorea. Patu okerragoa izan du, galdu egin baita, beste ohitura batek: gari-sortak piztu eta sail partikularretatik ibiltzea, uzta ona eskatzeko arao bat esanez.
Pentsa daiteke iraganean edozein adierazpenek izandako babes-, profilaxi- edo emankortasun-zentzuaren ordez tradizioaren inertzia dugula orain, eta, bistan denez, dekorazioren ildotik doala inertzia hori. Hala ikus daiteke “milurtekoak” dituzten zenbait ohituratan; esaterako, santu-eguna edo gertakari berezi bat ospatzeko loreak oparitzean, edo hiletetan, urteurrenetan eta Domu Santu egunean hilobien gainen jartzen diren lore-sorta edo koroetan. Loreak eta hildakoen errautsak, zeinak, aldi berean, norberak sakralizatutako lekuetan jartzen diren, mendi, errepide edo monumentu publikoetan. Era horretan, molde berriak sortzen dira, erritu pertsonalaren eta ezagutza orokorraren arteko erdibidean. Bai eta, zergatik ez esan, apainduratik hurbil ere. Gaur egun hala gertatzen da, adibidez, gorostiaren eta mihuraren kasuan, Gabonetan.
Ereinotza eta palmak Erramu-igandean; lizarra eta elorri-gurutzeak ate eta soroetan. Erlijioaren eta etxeko etekinaren arteko nahastea. Askotan, eguraldi txarraren ondorioz, negatiboa izaten zen etekin hori, eta petxero bat bilatzen zen: epaitu eta, errudun izendatu ondoren, sutan hiltzen ziren panpinak, normalean Inauterietan.
Gaur egun, oraindik ere, gune publiko eta pribatuetan pizten diren suak, udako eta neguko solstizioen eta beste sasoi batzuen arabera. Zuhaixkak eta zuhaitz-adarrak erretzea, eguzkiarekiko sinbiosia berresteko, eta, halaber, berotasuna sortzeko. Plazaren erdian edo larre batean “landatutako” zuhaitzek oraindik ere tokian tokiko jaien identitatea adierazten dute, erritu baten bidez. Donianetxa (Donibane aretxa), “maioa”… Era guztietako belar eta landareak jartzen zaizkie goialdean, baita aldarrikapen-pankartaren bat ere.
Datuen nahaspila eta olde horren barruan, ezin ahaztu naturaren elementuak jantzietan edo dantza tradizionalerako eta eskeetarako tresna gisa erabiltzeko ohitura: “maietako” neska gazteen eta leku askotako dantzarien buru gaineko lore-koroak; Durangaldeko Ezpata Dantza egiten dutenen jaketan iltzatutako betiloreak; zenbait konpartsaren ezpelezko eta gorostizko mailak, trokeoetan jotzeko; edo “Marzetako” gorostizko “zarramasco” delakoa, beste askoren artean.
Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa