Etnografia atalak

Cortesía de Fernando Hualde.

Zuberoara joko dugu, Maule (Mauleón-Licharre) ingurura. Bertan trebatu ziren, XVIII. mendean, lihogintzan eta kalamugintzan jarduten zuten langileek oinetako klase berezi bat egiten: espartinak. Eta, hain zuzen ere, horiek izan ziren Maule mapan jarri zutenak.

XIX. mendearen erdialdean, migrazioari eta Frantziako iparraldeko meatzariei esker, hasiera batean eskuz egiten ziren espartinen eskaria izugarri hazi zen; izan ere, industrializazio-prozesuak aurrera egin ahala, beharrezkoa izan zen kanpoko eskulana biltzea.

Fernando Hualde.

Emakumezkoak ziren espartingile gehienak, Zaraitzu, Erronkari eta Ansó ibarretako neskatxa gazteak batez ere; baita Aragoiko iparreko beste herri batzuetakoak ere.

Udazkena iristean, urria hasi bezain laster, ehunka neska txiki eta nerabe ateratzen ziren beren herrietatik harantz, oinez, fardel txiki bat esku batean, zurezko aulkitxoa bestean. Euria zein hotza egin, estrata eta sakan arriskutsuetatik ibili behar izaten zuten, basorik baso, ibairik ibai, aldats pikoan gora, eta, gero, behera, Mauleko lantegietaraino. Batzuk hotzez hil ziren bide horretan. Halaxe da, bai.

Udazkenean joaten ziren, eta udaberrian itzuli, beltzez jantzita… Horregatik guztiagatik, ‘enarak’ deitu izan zaie. Eta, han, ekin gogorrean ekiten zioten lanari, argitik argira; zenbat eta gehiago lan egin, hainbat eta gehiago kobratzen zuten, josten zuten espartin-pare bakoitzeko honenbesteko bat ordaintzen baitzieten.

Eragozpen bat zegoen: debekatuta zuten irabaziak mugaren alde batetik bestera dirutan pasatzea. Amarruk amarru, horren ondorioz, parpaila, bordatu, abaniko, eskularru, aterki, oihal eta abarretan inbertitu behar izan zuten beren soldata, horiexek eramaten baitzituzten bueltan etxera, orduan ere oinez.

Neska horien guztien oroimenez, utzi iezadazu, irakurle, horietako batean arreta jartzen. Bere izena Inocencia Anaut Esandi zen, Erronkariko Isaba herrikoa. Nire amona zen.

Fernando Hualde.

1898-1899ko neguan migratu zuen azkenekoz ‘enarak’. Negu hartan gogotik egin zuen lan; apirilean ezkontzekoa zen Isaban, eta horrek esan nahi zuen bakarrik itzuli behar zuela, besteek baino lehen. Ez dakit zenbat espartin josiko zituen. Badakit, baina, negu hartako soldatarekin antzinako erloju handi bat erosi zuela etxerako. Piezatan desmuntatuta, zamari baten gainean ekarri zuen erlojua, mendian gora, mendian behera, Izabako etxera.

Ehun eta hogei urte geroago, erosi zenean jadanik oso zaharra zen erloju horrek etxean jarraitzen du ordua ematen. Eta, gainera, orduko belaunaldietako emakumeen lana eta ahalegina aintzat hartzeko garaia dela gogorarazten digu; eskerrak ematekoa; beren bizitzako aldi horren inguruan hainbeste hamarkadatako isiltasuna sentitzen dugula esatekoa; haietaz harro gaudela eta gure nortasun-erreferenteak direla esatekoa, beraiek baitira gure ispilua.

Erloju hori garrantzitsua da gaur daukan balioarengatik, orduan kostatu zenagatik, eta, bereziki, sinbolizatzen duenagatik: indarra eta kemena.

Fernando Hualde – Etnografoa – Labrit Ondarea


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~