Etnografia atalak

0

Unanuko (Nafarroa) mamuxarroak. Egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Neguko maskaradak Europako mendebaldean, zati handi batean behinik behin, ospatzen diren jai-erritu bereziak dira, eta Gabonetatik edo urte-hasieratik inauteri-garaia amaitu arte antolatzen dira. Honako bereizgarri hauek elkartzen dira ospakizunotan: komunitatearen lurraldetasuna edo gizarte-kohesioa, auzotasuna eta komentsalitatea, erritu ilunak (Naturaren emankortasuna edo berpizkundea) eta maskaradunek eragindako sentimendu bikoitza. Horren guztiaren atzean, gehienetan, gazteria egon ohi da, ezkutuan edo modu anonimoan antolatuta. Musika, matraka eta soinua, dantza eta antzerkia ezaugarritzat dituzten konpartsa nabar edota xumeetan biltzen dira gazteok. Maskara zaratatsuak, beldurgarriak edo zanpatzaileak; piztia basatiak; irudi bitxi eta irrigarriak; pertsonaia kritikoak, bizitza kolektiboaren egunerokotasuna eszenifikatzen dutenak; bidezain zein bide-garbitzaileak… Horiek denak ikusiko ditugu maskaradetan.

Sibiuko (Errumania) maskarak. Egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Eredu berdina jarraitzen ez duten arren, hemen adibide batzuk. Ahuntzaren eta hartzaren konpartsak ditugu Errumanian; Bulgariako kukeri zirraragarri eta istilutsuek zintzarri handiak eramaten dituzte, eta ezkontzaren, haurdunaldi basatiaren eta erditzearen eszenak antzezten dituzte; Valaisko (Suitza) kantoi frankofonoan, ordea, neguko elurrarekin bat egiten duten tschägätä beldurgarri eta ikaragarriak, armatuta eta zintzarri zalapartatsuak joz, umeen atzetik ibiltzen dira, eta Evolènego empaillés maskaratu izugarriak, arpillera-zaku zabalak jantzita, hara-hona dabiltza, zailtasunez bada ere; eta Italiako Alpeetan, berriz, nabarmentzekoak dira maskara sudurluze maltzurrak, beren satirak eta eztarriko hots sakonak. Dantza, musika, segizioen dualtasuna eta antzerki-trama dira, hain zuzen ere, Euskal Herrian (Zuberoan, Lapurdin, Lantzen, Zalduendon…) garatu diren maskaraden identitate-zeinu nagusiak.

Bestalde, Iberiar Penintsula osoan ere oparoak dira mota eta osaera guztietako maskaradak. Hala nola: Kantabrian, Silióko Vijanera maskaradan hainbat pertsonaia daude (zamarraco zaratatsuak, galán jauzilariak eta madamak, Pepona, hartzak…); sidro edo guirrioen saltoak, batera-bestera, makila eskuan dutela, eta comediesen antzezpen garratzak funtsezkoak dira Asturiaseko Antroxun, baita León eta Zamorako Antruejon ere; Galizian, Laza, Verín eta Xinzo de Limiako Ourenseko triangeluan, Entroidoak peliqueiro, cigarrón eta pantalla mozorro zaratatsu eta astintzaileak ditu ezaugarri; eta, Portugalgo iparraldean, maskara-sorta zabala eta berezitasun ugari eskaintzen dizkigu Entruidoak.

Urte-amaierako eta urte-hasierako jai-giroan, inauteri eta, bitxia bada ere, kristau-ospakizun jakin batzuekin (Gabonak, Erregenak, San Esteban, San Anton, San Sebastian, San Vicente, Kandelario…) bat egiten dute maskarada ikusgarri eta koloretsu hauek. Zenbait eboluzio- edo birsortze-prozesu izan dituzte, erregulartasun nabarmenak antzematen zaizkie eta urtero-urtero berritzen dira; hala ere, oraindik ere enigmatiko eta ulergaitz samarrak bezain interesgarriak dira izatez maskaradak. Jakintza-alor anitzeko (historia, psikologia, soziologia, antropologia…) azterketa zehatza eskatzen dute neguko ospakizun hauek, ezkutatzen dituzten sekretuak ezagutu edota aintzat hartu ahal izateko.

Altzaiko (Zuberoa) maskaradak. Autorearen artxiboa.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~