Etnografia atalak

Amona ilobarekin babarruna aletzen. Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Ia baieztatu dezaket nire aita Neolitoan jaio zela, zenbait alderdi kontuan hartzen baditut, besteak beste, suarekin lotutakoak, basa-baliabideen aprobetxamendua, zurezko lanabesen fabrikazioa edo laborantza-teknika batzuk. Txikitan “argia iritsi zela” ikusi zuen arte, sua zen argia egiteko eta janaria prestatzeko baliabide bakarra. Argindarraren etorrera izugarrizko iraultza izan zen, eta handik etorri dira gainerako aldaketa guztiak, arlo digitalarekin lotutakoa barne. Ni 1960ko hamarkadaren hasieran jaio nintzen, mekanizazioarekin lotutako eraldaketa guztiak hasi ziren hamarkadan. Nire lehenengo argazkietan, haur bat ageri da, behi pare batek herrestan zeraman zurezko gurdi batean igota. Nire aitonak tarteka gurdi horiek egiten zituen auzokoentzat, eta gurdiak zuraz soilik, metalezko elementurik gabe, egiten ziren garaikoa zen. Nire ikaskide asko, gaur egun, abeltzainak dira, eta industria-prozeduren bidez ekoizten dute behi-esnea. Batzuek robotak ere erabiltzen dituzte behiak jezteko. Nekazaritzaren hasieratik nire aitaren haurtzarora arte, landa-munduan aldaketak astiro gertatu ziren, eta gero eta aldaketa handiagoak izan ziren. Ingurune hark ez du inolako zerikusirik nire belaunaldiarekin, eraldaketak esponentzialki handitu baitziren.

Eta babak beste ilobarekin. Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Laster Atlas Etnográfico de Vasconia laneko zortzigarren liburukia argitaratuko da, nekazaritzari buruzkoa. Ikuspuntu horretatik begiratzen diot nire baratzeari, eta urruneko gorabehera historikoen ondorioak ikusten ditut bertan: oso goiz iritsi ziren laboreak, nekazaritzaren zabalkundearekin bat ia-ia; erromatarrek asko estimatzen zituzten batzuk; arabiarrek ekarritako beste batzuk; eta, batez ere, Amerikatik iritsi zitzaizkigunak, azken mendeetan gure oinarrizko dieta osatu dutenak. Nire gurasoek, aitona-amonek eta arbasoek erabilitako prozedura beren bidez ereiten ditut. Ez dut herbizidarik erabiltzen, ez eta beste pestizida motarik ere (batzuek, umore handiz, fitosanitarioak esaten dietenak). Sintesi-ongarririk ere ez dut erabiltzen. Adorez saiatzen naiz nire haziak landatzen, edo nire auzokoek oparitutakoak edo trukatutakoak. Ihes egiten diet dendetan erosten diren hazi hautatuei, eta genetikoki “hobetuta” badaude, zer esanik ez. “Nekazaritza-aurrerapenaren” berezko elementuak dira horiek guztiak. Agian erratuta nago, eta nire janariaren zaporera ohituta nagoelako izango da, baina nik landatzen dudan janaria gozoagoa dela iruditzen zait supermerkatuetan noizbait erosi dudana baino, eta burua jokatuko nuke osasungarriagoa ere badela.

Vía Campesinaren VIII. Konferentzia iragartzen duen kartela. Ziortza Artabe. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Ez nago “aurrerapenaren” aurka, hari esker, besteak beste, lurra horrenbeste esfortzu egin gabe landu baitezaket eta hau guztia testu-prozesadore baten bidez idatzi eta azkar hedatu, agian inoiz ezagutuko ez ditudan pertsonek irakur dezaten. Sen kritikoa izatea aldarrikatzen dut soilik, ohartzeko aldaketa guztiek ez dakartzatela berekin hobekuntzak eta nire aitaren modukoek, “duela horrenbeste denbora jaiotakoek”, gordetako jakintza tradizionalak ez daudela zaharkituta. Are gehiago esango nuke: guztiz indarrean daude, batzuek nahi ez dugun patu batera garamatzan korronteari eustea dagokigun honetan.

P.S.: Estos días se celebra la VII Conferencia de La Vía Campesina en el Seminario de Derio, mismo edificio en el que redactamos el Atlas Etnográfico de Vasconia. Ambas iniciativas coinciden en su voluntad de preservar los saberes tradicionales.

Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~